Adiek uztaileko azken osoko bilkurara, gerakinaren 2.415.905,96€-etatik 1.257.998,38€ hartu eta diru-laguntzetan eta hainbat lanetan inbertitzeko proposamena eraman du, besteak beste, bideak konpontzeko edo padel pista bat eraikitzeko. Orozkon inbertitzearekin erabat ados dagoela baina proposatzen dena aurrera eramateko Udalaren gaitasunarekin zalantza eta kezka adierazi du EH Bilduk, izan ere, 2019az geroztik lan asko egin gabe jarraitzen dute.
Gaur egun, oraindik ere, hainbat lan daude egiteke: haurrentzako parkeak konpontzea, plazako frontoia estaltzea, tokiko merkataritza sustatzeko kontsumo-bonuen kanpaina, futbol zelaiko harmailen azpiko espazioa egokitzea, Gizarte Etxea martxan jartzea, gazteentzako lonjen proiektua, Txopera Parkea hobetzea eta berritzea... etab. EH Bildurentzat azpimarragarria da aipatutakoak ez direla proiektuak bakarrik, baizik eta edozein udalek bermatu beharreko oinarrizko lanak. EH Bilduk adierazi du ezin dela urtero esan gero gauzatu gabe geratzen diren lanak egingo direnik eta, aipatutako lanak egiteko baliabide ekonomiko nahikoak daudela gaineratu du.
Udal Gobernuak gaitu duen 1.257.998,38€-etatik euro bakar bat ere herriak egindako proposamenak martxan jartzeko ez erabiltzeagatik, Adiek orozkoarren eskaerak gerorako uztea salatu eta jendeari entzutea lehentasuna izatea aldarrikatu du Orozkoko Talde Politikoak.
Joan den urteko abenduan informazio-eskaera bat erregistratu zuen EH Bilduk, Udalak egin beharreko lanak eta ekintzak zergatik egiten ez diren jakiteko. Urte bereko martxoan emandako erantzunak argitzen du inbertsioak ez gauzatzearen zergatia administrazio-izapide luzeak, denbora falta, arlo teknikoetako zailtasunak eta lan-karga direla. Baina EH Bilduren ustez, Udalak Orozkoko beharrak betetzeko duen ezintasuna ez da kasualitatea, udal batek urtez urte onartzen dituen inbertsioak martxan jarri ezin izatea ez da fenomeno meteorologikoa, kudeaketa baten ondorioa baizik, hau da, gobernatzeko modu zehatz baten sintoma. Esaten dena ez egiteaz gain, legegintzaldi honetan bertan bost udal-langilek Orozkoko Udalean lanean ez jarraitzea erabaki izana egungo gobernu-taldearen kudeaketaren gabezien beste sintoma bat gehiago dela adierazi du indar subiranistak.
EH Bilduk Adieren kudeaketan kokatu du Orozkoko Udalak inbertsioak egiteko dituen zailtasunen jatorria. Honen aurrean, erabakiak herritarrak kontuan hartuta hartzea eta dagoen gaitasun eta dauden baliabideekin koherentzian lan egingo duen beste gobernantza-eredu bat inoiz baino beharrezkoagoa dela defendatu du EH Bildu Orozkoko Udal Talde Politikoak.
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.