2025eko udal aurrekontuetarako proposamenak aurkeztu ditu EH Bilduk Orozkon

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Orozko 2024ko aza. 26a, 11:49

2025 urterako udal aurrekontuetarako proposamenak aurkeztu dizkio EH Bildu Orozko Udal Talde Politikoak EAJko Udal Gobernu taldeari. Besteak beste, etxebizitza, energia, zaintza, zabor bilketa, mugikortasuna edota irisgarritasuna dute ardatz EH Bilduren proposamenek.

Etxebizitzaren alorrean Orozkoko errealitatea zein den ondo ezagutzeko, bizi dugun egoerari erantzuteko eta Udaletik etxebizitza politika egokiak martxan jarri ahal izateko etxebizitza diagnostiko bat aurrera eramateko diru partida berri bat zabaltzea proposatu du EH Bilduk. 

Irisgarritasunari dagokionez, bestalde, EH Bildu Orozkoko Udal Taldeak duela hamar urte osatutako Irisgarritasun Plana aztertu, beharrezkoa bada eguneratu edo berritu eta beharrezkoak diren ekintzak inplementatzea eskatu du.

Kale hondakinen gaikako bilketa egin ahal izateko paperontziak aldatzeko proposamena egin du EH Bilduk erdigunean kokatuta dauden edukiontziak gaikako bilketarako prest daudenekin ordezkatzeko. Horrekin batera, kontzientziazio kanpaina bat abiatzeko adostasuna lortu da Udal Gobernuarekin.

Trantsizio energetikoan aurrerapausoak ematen jarraitzeko, udal eraikinetako eta argiteria publikoko energia kontratuak energia iturri berriztagarriarekin ordezkatzeko egitasmoa aurkeztu du EH Bilduko taldeak.

Mugikortasunari begira, aldiz, EH Bilduk, Zubiaur eta gainontzeko auzoen arteko lotura errezteko eta mugikostasuna hobetzeko, garraio zerbitzu erregularra erabiltzerik ez duten herritarrentzako AuzoTaxi zerbitzua zabaldu eta indartzea eskatu du.

Azkenik, zaintzaren erronkari lotutako beste proposamen bat aurkeztu du EH Bilduk, hautatu gabeko bakardadeari, aisialdirako jarduerarik ezari, familia sarerik ez izateari edota egunerokoan dauden zaintzarako zailtasunei aurre egiteko, zaintza lanen antolaketaren eta beharren inguruko analisi bat egitea proposatu du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide