12 urtez lan egin nuen Arenalden. Hasierako urteak onak izan ziren, baina bat-batean krisialdiak harrapatu gintuen eta egoera okertu zen. Jendeak bere ohiturak aldatu zituen eta nabaritu genuen.
Hedabidetan aipatzen zuten ekonomia berriro berreskuratzen ari zela, baina nire esperientziak kontrakoa esaten zuen. Jendeak ez zuen hain erraz gastatzen.
Esaterako, lehen afariak arruntak ziren. Krisialdiaren ostean, gure kasuan, gaueko zerbitzua ia ia desagertu zen. Ez zuen merezi lan egitera joatea gauez.
Azkenean, ixtea erabaki genuen. Izan ere, hasieran 4 kide ginen eta 12 urteren ondoren, ni bakarrik geratzen nintzen hasierako bazkideen artetik.
Prozesu luzea izan zen, baina ni nekatuta nengoen eta negozioari bultzada emateko asteko egun guztietan lan egin behar nuen. Ez nuen oporrik hartzen eta hori nabaritzen zen. Ezin nuen ezer gehiago egiten eta emaitzak eskasak ziren, nahiz eta lan asko egin. Horrek desanimatzen du eta aitortu behar dut erreta nengoela.
12 urtez lan egin nuen Arenalden eta krisialdiak bete-betean bizitzea egokitu zitzaidan
Berez, nire asmoa ez zen jatetxea ixtea, baizik eta jende berria sartzea nire tokia hartzeko eta jatetxeak jarraitzeko, lanpostuak mantentzeko, jarduera ez uzteko.
Azken urtean saiatu nintzen norbait topatzen, baina ezinezkoa izan zen. Inork ez zuen nahi. Agentzia baten bidez egin genuen saiakera, adibidez. Hala ere, jatetxe handia da, 3 solairukoa, zaharra eta mantentzeko pertsona ugari behar dira. Zaila zen. Jendea agian ausartzen da jatetxe txiki batekin, baina ez handiarekin.
Apurka-apurka, gaur egungo egoerara heldu gara eta esan beharra dago ostalaritzarentzat oso larria dela, ez baitago ziurtasunik.
Batzuk saiatzen dira, neurriak hartu dituzte ateak berriro zabaltzeko, baina ezin da edukieraren erdiarekin aurrera egin. Batek daki, agian hurrengo hilabeteetan itxialdia errepikatuko da eta gastu finkoak hor egongo dira, enplegu espedienteak abiatu arren. Jarduerarik ez badago, horri ezin zaio aurre egin.
Animoak bidali nahi dizkiet ostalariei: krisialdia pasako da
Edonola ere, batzuk ausartzen ari dira eta pozten naiz. Saiakera egiteko beharra dago, bizitzak jarraitzen du eta ondo deritzot saiatzeari. Haien alde nago. Animoak bidali nahi dizkiet; krisialdia pasako da eta normaltasun berrira edo zaharrera itzuliko gara.
Hain zuzen, leku berriak daude eta gauzak oso ondo egiten ari dira. Afaldu dut leku berri batzuetan eta primeran egon naiz. Gainera, gauza berriak eskaintzen dituzte.