Iraganarekin apurtu eta bizi berri bat hasi. Hori izan da, historian zehar, gaztaroko paisaiak atzean utzi eta esperientzia berrien bila ontziratu ziren aiarar ugarien izendatzaile komuna. Abentura hauek bultzatu zituzten arrazoiak norberaren baldintza pertsonalak bezain anitzak dira: sozialak, ekonomikoak, familiartekoak...
Baina, gehienetan, beharra bera izan da horien eragile nagusia: irauteko premia, hasteko premia, alde egitearena. Cristóbal de Zubiate abadea Baranbion jaio zen XVII. mendean. Abaroako elizan zenbait urtetan zehar jardun ostean Gaztelan finkatu zen non, geroago, gertaera edo bizipen erabakigarri eta misteriotsu bat igaro ondoren —«algún azar y desgrazia», agirien hitzetan—, ospa egitearen beharraren aurrean topatu zuen bere burua. Eta ahalik eta urrunen, hobe. Gauzak horrela, Mexikora iritsi zen 1687 urtean. Bertan Domingo de Retes artziniegar kapitain aberatsaren etxaldean babesa aurkitu zuen, San Diego del Jaral-en, bere ondasunen administratzaile gisa. Cristóbal jaunaren premia nagusia —erditik kentzea— konponduta zegoen orain. Baina, horrez gain, beste neurri bat hartu zuen: abizenaz aldatzea, bere benetako nortasuna Ameriketatik zebiltzan herrikide ugarien begietatik ezkutatzeko.
Honela, Cristóbal de Zubiate jaun ohia Cristóbal de la Puente jaunean bihurtu zen. Hamaika urte geroago, Gaztelatik ihes egitean bizi izandako bere lehenengo irudizko «heriotzaren» ostean, benetako heriotza iritsi zitzaion gure protagonistari: egiazko amaiera, behin betikoa. Identitate berri baten atzean birjaiotzeko beharrik gabe. Beste mundu horretan iraganeko mamuren bat edo beste bere zain izango ote zen edo ez, ez dakigu.