Ahuntz-zaleek aukera ona izango dute datorren igandean, ekainak 9, ahuntz ale ezberdinak ikuskatzeko eta erosteko.
Aurten ere, Ahuntz Eguna ospatuko da Garrastatxun. Aurtengoa XVI. edizioa izango da.
Ahuntzaren inguruko feria dugu hau eta ospakizun honen ardatza ahuntza-azienden ustiapenak bultzatzea da, azpigorri eta azpizuri arrazena batez ere.
Bertan, arraza ezberdinetako ahuntz aleak bilduko dira, hauetariko askok salerosketa ferian parte hartuko dutelarik.
Hainbat ekitaldi daude antolatuta egun honetarako, baina denetarik nabarmenena goizeko 8.15etan hasiera emango zaion Azpigorri eta Azpizuri ahuntzen VII. Lehiaketa izango da.
Hainbat sari banatuko dira bertan, eta aipagarrienetarikoa, pisu handieneko akerrari emango zaiona izango da. Horretarako, eguerdiko 13.00 etan , hainbat aker pisatuko dira antzinako erara. Ekintza hau eguneko erakargarrienetarikoan bihurtzen da aker handienaren pisua zein den asmatzeko kiniela egiten delako.
Bestalde, eguerdiko 12:00etan meza ospatuko da Garrastatxuko baselizan eta goiz osoan zehar artisautza-feria eta animazioa presente egongo dira.
Eguerdiko 14:30etan herri-bazkaria egingo da eta jarraian erromerian dantzatu ahal izango da jaiari amaiera emanez.