Aurten, Ekainaren 10ean, Ahuntz Eguna ospatuko da Garrastatxun. Aurtengoa XV. Edizioa izango da, eta urtero bezala, ahuntza izango da egun honen ardatza.
Ahuntz Eguna, animalia honen inguruko azoka monografikoa da. Ospakizun honen bitartez, ahuntz-azienden ustiapena bultzatu nahi da; azpigorri eta azpizuri arrazena batez ere.
Bertan, azpigorri eta azpizuri ahuntzen VI. Lehiaketa ospatuko da eta honez gain ahuntz feria ere antolatuko da; bertan ahuntz arraza guztiak onartuta egongo direlarik.
Ahuntz egunaren ospakizun honek ere badauka beste helburu bat; herriaren eta eskualdearen sustapen turistikoa hain zuzen ere. Horretarako, egunean bertan, mendi martxa bat egiten da Mendiko Lagunak mendi taldeak antolatuta. 18km dituen irteera hau Garastatxu eta Gorbeiako Parke Naturaleko hainbat tontorretatik pasako da, Ubixeta, Nafarkorta… esaterako.
Goiz osoan zehar artisautza-feria, herri kirol lehia eta animazioa ere presente egongo dira. 14.45etan herri-bazkaria egingo da Garrastatxulo ermitaren aurreko landan eta eguna jai giroan amaituko da erromeria batekin.