Bidaiak gaixotasunak bezalakoak dira, baina ez ohiko eritasunen modukoak. Bidaiak drogekikoa bezalakoa den menpekotasuna sortzen du, bidaiatzea droga gogorra da. Norberaren habitik ateratzea zaila da, bai, baina berehala engantxatu egiten zaituen zerbait ere. Ordutik aurrera galduta zaude, lehenengo momentutik nabaritzen da monoaren eragina. Ordutik aurrera bidaiatzea egunerokotasunarengandik ihes egitea da, ume batek harrapaketan jolasten duenean bezala. Baina bidaiatzea etengabeko gaixotasuna da, momentu batean konturatzen zarelako zu harrapatu nahi zintuen umeak benetan besarkatu nahi zaituela, eta betirako harremana eten baino lehen habira bueltatu nahi duzula. Baina bidaiatzea etengabeko gaixotasuna da, eta berehala besarkadak itotzen zaitu eta harrapaketara jolastu nahi duzu berriro, drogaren beste dosi berri eta handiago bat behar duzu. Bidaia gaixotasuna da, bai, baina gaixotasunarentzako sendagaia ere, Bolaño idazleak berak aipatzen duen modura nerbio-gaixotasunentzako erremedio eta sortzaile baita.