UKML. Astelehena baino bakartiago.

Erabiltzailearen aurpegia Eneko Gastaka Urruela 2015ko uzt. 20a, 13:38

Uztailak 13. Astelehena, jai ondoren alferra dio Oskorrik. Eta nahiz eta egoera erdi-okupatuan egon, hala iruditzen zait niri ere. Etxean pasa egun osoa, ordenagailutik eskegita, "Garapena" diapositibatik "Garapena (2)" diapositibara bueltan. Eta bueltaka ere burua osteguneko GRAL aurkezpenari begira (GAL anagrama ez omen dute gustoko UPV/EHU-koek, horrelako gradu amaierako frogetarako beldurra sartzearen monopolioa gorde nahian akaso). Baina ez du inporta, eta leihoaren zirrikituetatik xurgatuta ere, udararen usaina nabaritu daiteke. Oraindik hondartza zapaldu gabe nago, eta nahiz eta ez dudan epidermisaren kolore aldaketarik espero, ez behintzat gorria ez bada, Maroño gertu dugu laudioarrok.

Kafearen orduraino kobazuloan sartuta egon ondoren, zerbait bazkaldu eta gurasoen kotxea hartuta haruntz noa, bakarrik. Niretzako momentua behar dut. Pentsatzeko, planifikatzeko, hausnartzeko, asimilatzeko momentua. Batzuetan hobea delako gutxiago "elkarbanatu" eta "komentatu" eta gehiago galdetu zure buruari, zure barruari, zure zilborrari. Batzuetan hobea delako bakarrik egotea konpainiarekin baino, txarra nahiz ona izan. Eguzkia dut lagun bidai osoan, baita urtegi ondoan ere. Jende gutxi, ta hasieran okupatuta zegoen nire gustoko mahai bat libratzean, hara noa motxila, liburua eta koadernoa hartuta. Irudi Tristedun zaldunaren eta bere lagun Sancho Panzaren abenturak irakurtzeari atsegina hartu diot, eta liburuzale zoroaren pertsonaiak irentsi egin nau. Euliek eta liztorrek konpainia zaratatsua dirudite inguratzen nauen isiltasun lasaigarrian, eta eguzki izpiek Gorobel mendilerroaren azal konikoan ateratzen dituzten itzalek ez diote nire begiradari ihes egiten uzten. Paisaiaren eta Cervantes-en arteko borroka lehenaren garaipenarekin amaitzen da, eta uraren parean eseritzea erabakitzen dut, jada ilunabar bihurtzen ari denari so.

Esamolde famatuari muzin eginez bezala, bake horrek nire barruko zerbait mugitzen du, eta lasaitasuna ekaitz bihurtu egiten da. Letrekin eraikitako hainbeste nobela irakurtzeak nire eraikuntza propioak egiteko gogoak piztu dizkit, eta bat batean Maroko bisitatzeko dudan irrika burura etorri zait. Bi orduren ostean, beraz, zerbait aktiboagoa egitearren tintadun salatariari eutsi eta nire barruak ateratzen hasi naiz, boligrafoaren tutuaren barrenetik aterata letretan bihurturik, bakarrik egoteak pentsamendu eta sentimenduentzako espazioa uzten duelako nire inguruan. Ez dut etxera bueltatu nahi, ez dut gizartearen zarataren barnean murgildu nahi, ez haize fresko isila dastatu ondoren.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide