Igandea, goizeko 8:30ak. Jaieguna eta eskolara, honakoan ere ikasgaia jasotzera. Bigarren hezkuntzan ohikoa zen nire inguruan (eta nire baitan ere) “kexati konpultsiboaren” figura, soluziobideak aurkitzeko momentuan patiora ateratzen zenarena bilerara joan ordez. Atzokoa “deja-vu” modukoa izan zen.
Oraindik asmatu ez duenarentzat, herri galdeketaz ari naiz. Mahaikide gisa lan egiteak perspektiba ona ematen du horrelakoetan, eta are hobea herria bera ezagutzen bada. Galdetuz gero, eta maila honetako prozesuez aritzen banaiz, beti defendatuko dut kargu publikoek hiritarrei galdetzea (hobe galdetzea, gaur egun bezala euren kabuz erabakitzea baino). Baina institutuan gertatzen zen moduan, badaude beti eztabaida pizten dutenak, eta erabakitzeko ardura hartzeko orduan sofan etzanda geratzen direnak.
Lagun batek bezala, espero dut igandeko esperientziak eztabaida guztiz ixtea, eta partaidetza minimoaren baldintza bere horretan mantentzea. Holako erreferendumek eta galdeketek ez dituzte zertan gizartearen transformaziorako osagaiak eraman behar, baina bai erakusten dute konpromisoa, nolabait. Hala ere, espero dut honek herritarroi gure parte-hartzearen inguruko autokritika sortzeko balio izatea, ez kudeaketa urria eta burokraziaren betiko kritika soilik.