IRITZIA

Hizkuntza eskakizunik lortu ezean, nola artatuko dute modu egoki, profesional eta kalitatezko batean euskaldun jendea?

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Ugarriza Lado 2022ko eka. 14a, 11:33

Eneritz Ugarriza Lado (ezkerrean), Artziniegako osasun zentroko langileekin. / Artzinegako Udala

"Euskal Autonomi Erkideagoan ematen ari den mediku-faltak ez dauka euskararen hizkuntza eskakizunarekin zerikusirik". Eneritz Ugarriza Lado Artziniegako medikuak argi du, eta zenbait adibide eta gertaera azpimarratu ditu azken asteetan osasun agintariek euskarari buruz eginiko adierazpenen harira.

Betiko diskurtsoa, betikoek betikoa esaten. Osasun langile bezala aspertuta nago. Kontsultako elkarrizketa ez al da istorio klinikoa egiteko daukagun armarik garrantzitsuena? Ez dago diagnostiko on bat egiterik sintomak ulertu eta deskribatzeko gai ez baldin bagara. Komunikazioa ezinbestekoa da. 

Beste herrialde batean gaudenean maiz gertatzen zaigun afera da: aurrez-aurreko arretako edozein zerbitzutan, dela fruta-denda, dela udaletxea, eskatu behar duguna aurrekoak ez du ulertzen (ezta beharrik ere) bere hizkuntzan ez garelako ari. Horregatik, komunikazioaren lehenengo helburua, mezua helaraztea alegia, ezin bete daiteke. Gauza bera gertatzen da gure herriko zati honetan osasun arloan. Adibiderik esanguratsuena BI hizkuntza ofizialak menperatzen ez duten euskal autonomi erkidegoz kanpoko pertsonekin gertatzen dena da. 

“Medikuak behar ditugu, jakintzak hizkuntzak baino lehentasun handiagoa izan beharko luke” edo “mediku on asko kanpora alde egin behar izan dute hizkuntza gaitasunik ezin izan dutelako lortu, eta begira orain, haien faltan gaude”. Nork ez du noizbait horrelakorik entzun? Ez al dago mediku on eta euskaldunik? Kontzeptu bateragaitzak omen… Zergatik ez dute hizkuntza gaitasunik lortu? Ezin izan dutelako edo atzean beste arrazoiren bat ezkutatu liteke... Hizkuntza eskakizunik lortu ezean, nola artatuko dute modu egoki, profesional eta kalitatezko batean euskaldun jendea? Nola formulatuko dituzte, bada, euren hipotesiak gaixoak ulertu ezin ez badituzte?

"Hizkuntza eskakizunik lortu ezean, nola artatuko dute modu egoki, profesional eta kalitatezko batean euskaldun jendea? Nola formulatuko dituzte, bada, euren hipotesiak gaixoak ulertu ezin ez badituzte?"

Behin, gaixo euskaldun baten ahotik honakoa entzun nuen: “Lehenengo mailako arretan ulertu dezaket medikuek euskara ez menperatzea baina ospitalean ez”. Aho bete hortz gelditu nintzen… ospitalera heltzen diren gaixoak lehen mailako arretan atenditu izan dira gehiengo oso handi batetan.

Etsigarria da mediku edo osasungile falta perfilen eskaeragatik ematen dela behin eta berriro entzutea. Hori ez da egia. Nirekin Valentziako, Aragoiko, Saharako, Errusiako eta beste hainbat herrialdetako medikuek ikasi zuten eta lan egiten dute. Ez dute inoiz lan faltarik izan gurean euskara dela eta, eta ez dakite euskaraz.  Batzuk ona heldu eta euskara ikasten hasi dira… zergatik? Askotan galdetzen diedan kontua da. eta hau da erantzuten dutena:  nola komunikatuko naiz kontsultan ba, euskalduna den pertsona batekin?

Behin, ospitalean guardia egiten ari nintzela, box batera sartu eta agure bat topatu nuen, euskaraz hasi nintzaion, eta erantzun ezinik negarrez hasi zen. 85 urteko pertsona bat zen, eta osasun arloan bere ama hizkuntzan komunikatu zitekeen lehen aldia zen. Semearen zain zegoen, ez baitu espezialistengana jotzen laguntza barik gaztelaniaz ondo komunikatu ezin delako. Politikariak kanpaina egiten dabiltza, aurreikusita zegoen mediku falta kontuan hartu ez eta nonbaitetik ihes egin behar dutelako. 

"Behin, ospitalean guardia egiten ari nintzela, box batera sartu eta agure bat topatu nuen, euskaraz hasi nintzaion, eta erantzun ezinik negarrez hasi zen. 85 urteko pertsona bat zen, eta osasun arloan bere ama hizkuntzan komunikatu zitekeen lehen aldia zen"

Urtebeteren buruan hauteskundeak ditugu ate joka eta xake-taulako piezak mugitzen hasi dira dagoeneko. Hauteskundero lez, euskararen afera karrikara ateratzen da, edo hobeto esanda, betikoek ateratzen dute. Mediku falta dago, argi dago, baina agian medikuntza fakultateetan urtero medikuntza ikastera sartzen den ikasle-kopurua handitu genezake lehenengo neurri eraginkortzat, ezta? Edo MIReko plaza kopurua handitu, ezta? Zergatik ez dira hain agerikoak diren neurriak hartzen? Medikuntza pribatuarekin zerikusia dauka akaso?

Sendagileen kontratu eskasak, ordezkoen mugikortasuna, ordutegi bukaezinak, lan-karga beldurgarria… Horren inguruan aritu beharko ginateke ere bai. 10-12 urteko prestakuntzaren ostean pazienteekiko daukagun ardura eta lanarekiko daukagun bokazio eskasa jaurtitzeko arma bezala erabilia izan da beti, are gehiago covid garaian, baina langileok nekatuta gaude, ezetz esaten hasi gara ondorioak izaten ari baitira lan baldintza hauek gure bizitza pertsonalean.

Euskal Autonomi Erkideagoan ematen ari den mediku-faltak ez dauka euskararen hizkuntza eskakizunarekin zerikusirik, izan ere, Espainian ere gauza bera gertatzen ari da: utzi bakean euskara behingoz. Asmatutako sasi-errealitatearen atzean, ohi bezala, arazoa askoz sakonagoa da eta modu egoki batean eta epe-luzeari begira eman beharko zaio erantzuna. Aurre egin behar diotenak, behar duten mailan egongo al dira? Gure herrian kalitatezko osasun publikoa, unibertsala eta euskalduna nahi dugu, besterik ez.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide