Gutun hau helarazi didate, eta hitzez hitz argitaratu dut:
Judith Uriarte hil zaigu. Askok, batzuek lehenagotik eta beste hainbatek azken asteetako gertaera
tamalgarriengatik, jakingo duzue Pablo Gorostiagaren emaztea zela. Baina askoz ere gehiago ere
izan da. Pertsona integroa eta militante integrala izan da, eraldaketa sozialaren, Euskal Herri berri
baten eta mundu justu eta solidarioago baten alde, beti ahulenekin eta herritar xumeekin bat eginda.
1970eko hamarkadan, “feminismo” hitza gehienontzat sekta baten izenaren antzekoa zenean,
Leioan antolatutako Euskal Herriko lehen Jardunaldi Feministetan hartu zuen parte; teoriatik
praktikara, Laudio industrial berriaren protagonista bihurtu ziren Espainia, Galizia eta Euskal
Herriko nekazal eremuetako familia etorri berrietako emakumeak heziketa eta kulturaren mundura
erakartzeko izugarrizko lana dinamizatzeari ekin zion; Kultura Popularraren Zentroa, emakume
taldeak...
Preso askok, bereziki Kanarietan, Andaluzian...konfinatutakoek Judithen ehunka bisitaldi eta milaka
gutun jaso izan dituzte; inurri lan izugarria egin izan du eremu honetan ere, errepresioak jotakoak
laguntzen nekaezin, eskuzabal eta umil aritu zelako. Beste herriekiko elkartasunari dagokionez,
Nikaraguan denboraldia pasatu zuen Brigada internazionalistekin.
Eta, esan gabe doa, Pablorekin batera bestelako “gaiztakeria” ugaritan beharrezko kolaboratzailea
izan da, ezkondu zirenean Frantziara zapalkuntza eta gosearengandik ihesean ezer gabe heltzen
ziren etorkin espainiarrei laguntzera joan zirenetik. Guraso lan beti ere zaila txukun egiteaz gain,
beren seme-alabei baloreak transmititzeko saiakera arrakastatsua egiteaz gain, hainbeste proiektu
eraldatzaile izan dituzte jomugan: lehen ikastoletakoaren sorrera Laudion, oraindik frankismoan;
herriko auzo langileak duintzeko eta boterea herriari hurbiltzeko auzo mugimendu asanblearioa;
langile mugimendua, kultura eta jai adierazpen herrikoi andana...
Urteetan, beste behin ere beharrik handiena zutenak gogoan, Askatasunaren Teologiatik hurbileko
Kristau Komunitate Popularretako partaide aktiboa izan zen Judithek elizkizunik gabe agurtzea
nahiago izan du, berak festa bat nahiago.
Laudiok garai bakoitzeko jauntxoen mendeetako kontrolpean egoteari utzi izan bazion (Aiala
kantzelaria; Urquijoko markesak; José María de Urquijo, frankismoan alkate botorik izan gabe,
antza denez bere iloba Carlos egungo Baskongadetako inkisidore eta erregeordeak ere desio lukeen
“demokraziara” gehien hurbiltzen den eredua), Laudion eta Aiaraldean gaur egun alderdi
komisionistek beren nagusitasuna inposatzeko oztopo handiak aurkitzen badituzte, Judith, Pablo eta
beste bakan batzuen lan argiari esker da, lan horrek geroago beste ehunka batzuek eraldaketaproiektu berberen inguruan geure harri koskorra ipini ahal izateko oinarria eraiki zutelako.
Agian hori guztia da hain zuzen estatuak eta beren laguntzaileek, zorurantz begiratzen ez dutelako
beren etika aurkitzen ez duten horiek, Judith eta Pablori ankerki ordainarazi nahi zietena.
Pairatutako guztia oso gogorra izan da baina ezin izan dute beren helburua bete: ezin izan dute
ekidin, paperean izan bada ere, Laudioko kaleetako hormetan Judith bere irribarrearekin Pabloren
argazkiaren ondoan agertzea, eta biak batera ikuste soilak maite ditugun guztiak aurrera segitzeko
indarberritu gaitu. Muxu handi-handi bat, ez adiorik!
Laudion, 2013ko irailaren 12an.