IRITZIA

Laudio Goikoa zentroaren itxierari ez, Euskal Eskola Publikoa defendatu!

Erabiltzailearen aurpegia Esti Garmendia Laudio BHI-ko ama eta Mattin Intxausti Laudio BHI-ko irakaslea 2026ko maiatzaren 27a

Mattin Intxausti gaur egindako mobilizazioan./ Aiaraldea

Iritzi artikulu honen bitartez Laudio Goikoaren gatazkaren nondik norakoak argitu nahiko genituzke. Lehenengo eta behin, koka gaitezen denok elkar uler dezagun. Laudio Goikoa deitzen diogun eraikina Isasi Bideko 3. zenbakian kokatzen den eraikina da. Bertan, Zeregin Ikaskuntzarako Gela (ZIG) eta bi Lanbide Heziketako ziklo daude; ileapainketa eta estetika. Nahiz eta eraikina Laudio BHI institutuarekiko independientea izan, pertsona juridiko beraren parte da.

Pasa den astean Eskola Kontseiluko bileran, Aintzane Arresek (Hezkuntza Saileko Arabako ordezkaria) Laudio Goikoa eraikina behin behinean itxiko zela komunikatu zuen. Zehazki, itxiera datorren ikasturtetik aurrera izango zela esan zuen eta arrazoia eraikinaren gainean egin zen informe teknikoa zela
aipatu zuen. Txosten teknikoaren arabera, eraikinak erabilgarria izateko 2 milioi euroko obra behar zuela zehaztu zuen.

Arazoa, beraz, hemen hasten da. Hau da, aipatutako dirua erreforman inbertitu ordez, behin behinean zentroa ixtea erabaki dute. Eta zein da ordezkaritzaren plana Laudio Goikoaren ikaslegoarentzat? ZIG gelaren ikaslegoa institutuan kokatzea, eta zikloen ikaslegoa, momentuz, auskalo! 

Gainera, asmo txarreko jokaldi honen beste aurpegia, ikasturtea bukatzear dagoenean abisatu dutela izan da, hezkuntza komunitateak data hauetan indarra galtzen duela aprobetxatuz.

Guk, ordea, ez dugu onartzen mahai gainean jarri duten aterabidea. Nagusiki ez dituztelako hezkuntza komunitateak dituen beharrak asetzen. Alde batetik, ZIG gelak instalakuntza zein baldintza zehatzak dituen espazio bat eskatzen du eta hori Laudio Institutuko eraikinak ezin du eskaini. Bestalde, Lanbide Heziketako ikasleak ere beraien ikasketak aurrera eramateko gutxieneko baldintzak eskaintzen dizkien espazio baten bermeak behar dituzte, gaur gaurkoz ez dutena. 

Amaitzeko, proposamen honek leku falta duen Laudio Institutuko eraikinean barrakoi gehiago jartzea ekarriko luke eta hori bertako ikasle eta irakasleen kalterako izango litzateke. Honek guztiak, Hezkuntza sailak behin eta berriz ez duela eskola publikoan inbertitu nahi erakusten du. Eskola publikoa ez duela defendatzen.

Horregatik, duintasun osoz, Laudio Institutuko hezkuntza komunitatetik, ezetz esaten dugu! Erabaki honen aurka gaudela! Ez ditugula barrakoiak nahi! Ez dugula makrozentrorik nahi! Hezkuntza komunitatearen beharrak kontuan izango dituen soluzioa nahi dugula! Benetako inbertsioa nahi dugula!

Hau horrela, bihar goizean, maiatzak 28, udalak eta Hezkuntza Delegaritzak egingo duten bileran aipatutako norabidean doazen soluzioak mahai gainean jarri ezean, borrokan jarraituko dugula argi utzi nahi dugu.

Hezkuntza sailak zaintzen ez duena, familiok eta eskola komunitate osoak kalean defendatu behar dugu, beste behin ere.

Gure gizartean, osasun publikoa defendatzeko adostasuna dagoen bezala, eskualde osoari eskatzen diogu, gurekin batera, denona den eskola publikoa defendatzera batzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide