IRITZIA

Nor dago etorkinaren alde?

Erabiltzailearen aurpegia Estibaliz Garmendia Santamaria 2026ko abuztuaren 26a

Ondo Etorriko kideak./ Aiaraldea.eus

Azken boladan, eta nik esango nuke, gero eta gehiago, entzuten ari gara bai kaleetan bai sare sozialetan etorkinek, okupek, moroek, lapurretak, okupazioak, iskanbilak etabar sortzen ari direla eta gure herrietan segurtasun ezaren diskurtsoa indartzen ari da. 

Lehen, bazirudien, fatxa eta eskuin muturreko pertsonek bakarrik egiten zutela etorkinen aurka, baina irudia erabat aldatu da. Ohiko komunikabideek eta sare sozialetako profil ugarik, eta fatxa multzo horretatik at gauden gutariko askok, diskurtso horiek etengabe errepikatzen ari gara. Eta burura datorkidan galdera da, nor ote dago etorkinen alde?

Alde batetik, ez dut uste estrategia ona denik beste alde batera begiratzea. Hau da, datuen arabera, lapurreta gehiago badaude, aztertu beharko genuke zer motako delituak diren, eta honek elkarbizitzarako zer suposatzen duen. Konponbidea ez da errealitatea (horrela bada) ukatzea. 

Bestetik, ezin gara geratu bakarrik diskurtso horretan. Europear zuriak garen pribilejio honetatik, hausnarketa sakona egin behar dugu, eta hau, gure erantzukizuna da, ulertu ditzagun honako diskurtsoak, bereziki, gizon islamiarren aurkako diskurtsoak nondik datozen eta zertarako balio duten. 

"Datuen arabera, lapurreta gehiago badaude, aztertu beharko genuke zer motako delituak diren, eta honek elkarbizitzarako zer suposatzen duen. Konponbidea ez da errealitatea (horrela bada) ukatzea". 

Eta horretarako kolonialismoaren garaira joan behar gara. 
Europak  okupazioa, espoliazioa, lapurreta eta estraktibismoa justifikatzeko, afrikarren irudia asmatu zuen. Kolonialismoak, pertsona ustez ez hain argiak, basatiak, kudeatzeko eta administratzeko gai ez direnak, gizon bortitzak eta tratu txarrak ematen dituztenak, emakume ezjakin eta menderatuak, asmatu zituen. Hori Afrikan ez ezik beste herri zapalduetan ere gertatzen da (Asia mendebaldean adibidez)
Europak jende hori salbatzera joan behar zuen, eta bide batez, edo hobe esanda, nagusiki, beren aberastasun eta baliabide natural guztiak lapurtzera. Eta horretan jarraitzen dugu.

Guk hemen gure bizimodua mantendu ahal izateko, ezinbestekoa da erabateko miserian bizi diren pertsonak egotea. Zer gertatuko litzateke Afrikako herriak benetan subiranoak balira eta beren aberastasunak kudeatzeko aukera izango balute, baldintza duinetan lan eginez eta beren baliabideak baldintza horien araberako prezioetan salduz?

Gure hemengo bizitza jasanezina izango litzateke. Gobernu bakar batek ere ez du interesik Afrikako herrialdeek aurrera egin dezaten eta subiranoak izan daitezen, horrek berekin baitakar multinazional handiek erabat abusuzkoak diren kontratuak galtzea, Europako edo AEBetako base militarrak desagertzea, etab. Behin eta berriz ikusi dugu Afrikako herrialdeek antzinako potentzia kolonialekin harremanak hausteko egindako saiakerek porrot egin dutela, gobernuek edo enpresek finantzatutako estatu kolpeengatik, etab.

Beraz, Afrikan mendeetan ustelkeriaz, gatazkaz eta pobreziaz bizitzea ez da afrikar izaeraren berezko zerbait, mendebaldeko interesen ondorio zuzena baizik.

Migratzeko eskubidea giza eskubide unibertsala den arren (giza eskubideen deklarazio unibertsalaren 13. artikulua), praktikan, afrikarrek erabat mugatuta dute zirkulazio askea "Mendebaldeko" herrialdeak aberasten dituen bisa-sistema bezalako egitura ustel batean. Europan legalki sartzea ia ameskeria bat baldin bada, irautea, eta zehazki Espainiako estatuaz ari gara, legez kanpokoa da nahitaez, atzerritartasun legeak berak markatzen duen horretan oinarrituz.

"Migratzeko eskubidea giza eskubide unibertsala den arren (giza eskubideen deklarazio unibertsalaren 13. artikulua), praktikan, afrikarrek erabat mugatuta dute zirkulazio askea "Mendebaldeko" herrialdeak aberasten dituen bisa-sistema bezalako egitura ustel batean".

Legeak berak ezartzen duen bizileku  eta lan-baimen ezak, mugen kontrol hertsatzaile eta bortitzen indartzeak, mugak kanpora ateratzeak, diskriminazioak eta bizitza duinduko duen harreren baliabide ezak, migrazio-prozesu oso gogor eta imajinaezinen zauri emozionalek, gorroto-diskurtsoek eta abarrek migratzaileak muturreko prekarietate-egoeran jartzen dituzte.

Eta nik neure buruari galdetzen diot, zer ez genuke egingo guk egoera horretan? Agian ez genuke lapurtuko, edo ez genuke substantziarik kontsumituko gure errealitatetik ihes egiteko? Ziur nago egingo genukeela. Horrek esan nahi du migratzaile guztiak lapurreta egitera datozela? Ezta gutxiago ere!!!

Ulertzen badugu Laudioko pertsona batek, edo bik, edo hiruk, lapurtzen dutelako, Laudioko pertsona guztiek ez dugula lapurtzen, edo gizon askok esaten badigute matxismoa ez dutela gizon guztiek egiten, zergatik onartzen dugu migratzaile guztiak, zergatik uste dugu Afrika iparraldeko islamiar gisa irakurritako gizon guztiak lapurrak direla?

"Askok esaten badigute matxismoa ez dutela gizon guztiek egiten, zergatik onartzen dugu migratzaile guztiak, zergatik uste dugu Afrika iparraldeko islamiar gisa irakurritako gizon guztiak lapurrak direla?"

Eta lapurtu dutenen artean, zergatik jotzen dugu ziurtzat beren jatorriagatik dela, eta ez hemen bizitzera behartuta dauden muturreko prekarietate egoeragatik? Eta ez du balio erantzutea gera daitezela haien herrialdetan. Balear uharteetan telelana egiten duten edo Balin  bizi diren atzerritarrei (eta horiei ez diegu migratzaile deitzen) beren herrialdean geratzeko esaten diegu? Pertsona horiek jatorrizko pertsonen bizi kalitatea lapurtzen ari direnean.

Azken batean, gure sinesmenak sakon aztertu behar ditugu, errealitatea modu zehatzean azaltzea eragiten duten aurreiritziak nondik datozen ulertzeko. Ezin dugu pobrezia kriminalizatu, pertsona guztien, hemengoen eta hangoen, bizi-kalitatea hobetuko duten politikak exijitzea baizik, gure prekarietatea eta diskurtso faxistak gainditzeko bide bakarra dela uste dudalako.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide