Aspaldi ohartu naiz gure seme alabak ebaluatzearekin desakordioa sortu dela. Denetarik entzun dut: LOMCE onartzea dela, euskal hezkuntza sistemari min egiten diola, familien eskubideak urratzen dituela…. Gaia aztertu ondoren, zaila egiten zait, benetan, ebaluatzearen kontra daudenen ikuspuntua ulertzea. Gainera, uste dut eman diren mezu askok ez dutela oinarririk, eta kasu batzuetan, zenbait asmatuak izan direla beste hainbat hartzeko ontzat. Denok egin behar dugu hausnarketa egoera honen inguruan.
Tarte laburra daukat, baina egoera argitzen saiatuko naiz. Hasteko eta behin, irakurle, jakin ezazu Euskadin ikasleen kanpo ebaluazioak aspalditik egiten direla. Non dago aldaketa, beraz? Heziberri 2020ren aterkipean, hezkuntza eragileen adostasunarekin, elementu berri bat sortu da: ikaslearen irteera perfila. Hau da, ikasleak Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzean, izan beharko lukeen ezagutza maila definitu da.
Inoiz ez da halakorik egin, eta oso toki gutxitan izan dira hain ausartak helburuak modu horretan markatzeko. Baina pausu horrek benetako balioa izan dezan, beharrezkoa da ikasleen eboluzioa aztertzea, markatutako helburua lortu den ala ez jakiteko; ikaslearen eta ikastetxearen ibilbidea aztertu eta hobetu ahal izateko. Eta horretarako, gure ebaluazio diagnostiko propioa behar dugu. Ez rankinga egiteko, ez LOMCE betetzeko, ezta ikasleen ibilbide akademikoa markatzeko ere; Euskal hezkuntza sistema hobetzeko baino ez. Guztion konpromisoarekin.