ELKARRIZKETA_Garazi Abrisketa "Morez kantak sorpresa asko eman dizkigu"

Erabiltzailearen aurpegia Etxauberri 2016ko abe. 19a, 11:48

ERREDAKZIOA Irune Vacelar, Asier Gutierrez eta Erika Sanchez

Garazi Zolloko herrian bizi da, 28 urte ditu eta Uluka taldean abesten du.

Non bizi zara?

Zollo izeneko herri txiki batean bizi naiz, Ganekogorta eta Pagasarri mendien azpian dago eta 100 biztanle inguru bizi gara bertan.

 

Zenbat urte dituzu?

28 urte ditut

 

Zer ikasi zenuen?

Arte Ederrak ikasi nituen, baina beti gustatu izan zait asko haurrekin lan egitea eta ikusten nuenez eskolan arte hezkuntzaren inguruan lan handia egiteko dagoela Lehen hezkuntzako gradua egitea erabaki nuen, artea eta hezkuntza uztartu eta honetan sakontzeko.

 

Zenbat urte daramatzazu talde barruan?

Lehenengo emanaldia 2013ko azaroaren 9an egin genuen, Zolloko jaietako gazte eguneko bazkariaren ostean, beraz 3 urte bete berri ditugu eta taldeko lau partaideak gaude hasieratik.

 

Ondo konpontzen zara zure taldekoekin?

Oso ondo! Egia esan zaila izaten da batzuetan harremanak zaintzea eta hiru urtetan hauetan momentu asko bizi izan ditugu batera. Batzuetan oso pozik eta indartsu egon gara eta beste batzuetan nekatuago. Nekatuak gaudenean guztioi kostatzen zaigu gehiago gure ingurukoak zaintzea eta batzuetan egoera horietan haserretzea errazagoa izaten da. Gu ordea, harremanak zaintzen saiatu gara eta elkarri mimo asko ematen eta agian horregatik hiru urteren ostean oso ondo konpontzen jarraitzen dugu.

 

Asko kostatu zitzaizuen taldearen izena jartzea? Nondik dator?

Ez zitzaigun asko kostatu. Oker ez banago gure lehenengo entseguan kanta baten bertsioa prestatzen ari ginela.. “Aluak, uluak, hamaika egiteko, aluak uluak, a a ari gara!” etorriko zitzaigun ideia. Eta hitzekin jolasten hasi ginen… Ulu, alu, aluka, ulua…ULUKA! Oso polita iruditzen zait taldearen izena. Kantatzea baino uluka aritzea baita gure ametsa. Au, au, AUUUU!

 

Nondik  hartzen duzue inspirazioa abestiak egiteko?

Gure artean asko hitz egiten dugu emakumearen egoeraz. Bizi garen mundu honetan emakumeok oztopo asko gainditu behar ditugu hainbat lekutan aritzeko. Eta nola ez musikaren munduan ere hala izaten da. Emakumez osatutako musika taldeak oso gutxi izaten dira. Emakume sortzaile guztiek inspiratzen gaituzte gu… Ines Osinagak, Uxue Alberdik, Olatz Salvadorrek, Mauriziak…

Esan beharra daukat taldearen barruan bertsolari bat badugula ere, Izar Mendiguren eta baita hitzekin jolastea oso gustuko duen Irati Mendiguren ere. Beraien inprobisazioei esker eta Iratxek gitarrarekin momentuan asmatutako akorde sortekin sortzen dira gure kantak.

 

Badakigu oraindik ez duzuela diskorik. Grabatuko al duzue bat? Noiz?

Kontzertutan grabatutako grabazio piloa daukagu gordeta eta jakin badakigu badagoela jendea youtuben dauden bideoan soinua deskargatu eta kotxean entzuten dituenak. Kar, kar kar. Horregatik pentsatu dugu polita izango zela gure kantak modu txukunagoan grabatzea eta lagunei oparitzea. Agian urtarrilean edo grabatuko ditugu batzuk. 

 

Zein da zure abesti gogokoena?

Nire abestirik gogokoena zalantzarik gabe Morez da. Sortu genuen lehenengo kanta da eta kariño handia diot. Melodia eta letra oso sinpleak dituela iruditzen zitzaigun hasieran baina egia da mezua oso argia dela. Gure inguruko emakume denak ahalduntzera animatzen duenez indar handia transmititzen duela uste dut modu, modu alaian gainera.

 

Zein da abestirik famatuena?

 Ez dut uste gu oso ezagunak garenik. Hala ere, egia da Morez kanta, gu konturatu gabe pilo bat zabaldu dela. Esan genezake Morez dela famatuena? Agian bai. Kanta honek sorpresa asko eman dizkigu orain arte. Jakin dugu eskola askotan martxoak 8 ospatzeko erabili dutela. Behin Sopelako ikastetxe batetatik bideo bat jaso genuen. Bertako ikasle guztiak ari ziren gure kantua abesten eta pozaren pozez negar malkoak ere atera zitzaizkigun. Azken sorpresa duela hilabete hartu nuen nik. Etxaurren ikastolara sartzeko nengoela bertako megafonoetatik entzun bait nuen Morez. Lotsa handia sentitu nuen hasiera batean eta gorritu egin nintzen, baina ondoren oso pozik jarri nintzen uste dudalako gazteenek ere gustuko duzuela gure kanta eta zuen etorkizuna  MOREZ IKUSIko duzela BELTZAREN ORDEZ.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide