Animalien aldeko elkartea sortu dugu Artziniegan. Facebooken herrian kaleko katuekin dugun arazoari buruz hitz egiten geundela, elkarte bat sortu edo eratuta zegoen batean laguntzea erabaki eta horretarako batzar bat antolatu genuen.
Elkarte bat sortzea erabaki genuen bertan, jendeak herriko gauza bat bezala ikusteko, gehiago lagundu eta parte hartzera animatzeko.
Horretarako, Amurrioko IMVA zentroko albaitaria den José Luis del Valle Duqueren laguntza jasotzen dugu, elkarteko kidea baita. Horrez gain, herriko jende askok dirua edo pentsua eman digu izan ditugun txakurrak eta katuak elikatzeko.
Elkartea, etxerik gabe dauden katu eta txakurrei familia bat aurkitzeko sortu genuen eta bide horretan gaudela, kanpaina berria sortu dugu: txakurkumeak edo katutxoak dituzten familiei laguntza ematen diegu animali horiek etxe berria aurki dezaten. Era honetan, animaliak nahi dituzten herritarrak abereak dituzten pertsonekin harremanetan jartzen dira. Gurekin kontaktuan jartzeko, bide asko ditugu: sakelakoa (660225997), Facebook kontua (Hirua Artziniega) eta emaila (hiruaanimales@gmail.com). Blog bat ere badaukagu, ditugun animalien berri emateko, haien etxe bilaketa ahalik eta lasterrena izan dadin: hirua-animales.blogspot.com.