Kepa Sojoren azken film laburra, “Loco con ballesta”, 26 jaialditan hautatu dute, hainbat sari eman dizkiote eta nazioartean aitortua izaten ari da, San Petersburgon (Errusia) eta San Marinon, esaterako. Gainera, Canal Plusek erosi du irailetik aurrera emateko.
Umorezko film laburrik onena izendatu dute Llerenako (Badajoz) “El pecado” jaialdian. Lleidan bezala, oraingoan ere saria bitxia izan da, alegia, urdaiazpiko iberikoa. Avilan eta Huescan aktore onenaren saria jasotzea ez ezik, Aretxabaletako jaialdian, Bilbon eta beste hainbatetan ere nabarmendua izan da. Hurrengo hitzorduak Tarazonan eta Kordoban izango ditu Sojok.
“Loco con ballesta”-ren arrakasta izugarriaz gozatzen duen bitartean, zinema-zuzendari laudiarrak beste bi proiektu aurrera daramatza: “Marginados” film laburra eta “La vida es una tómbola” film luzea. Zalantzarik gabe, Kepak zuzentzen duen oro arrakastatsu bilakatzen da, bai kritikaren bai ikusleen aldetik.