“Irtenbidea badago: eraldaketa soziala eta burujabetza” proposamen sozioekonomikoa jendarteratzeko asmoz, ezkerreko alderdi abertzaleak —Alternatiba, Aralar, EA, Ezker Abertzalea— bultzatzen ari diren dinamikaren baitan antolatu zen mahai-ingurua.
Bertan hizlari izan ziren Carlos Arranz, Idurre Bideguren eta Saioa Elejabarrieta, Urduñako, Bermeoko eta Lemoako alkateak, hurrenez hurren, bai eta Julen del Cura (Karrantza Zabaltzen) ere.
Legegintzaldia hasi zenetik, euren udaletan topatu dituzten zailtasunak edo arazoak eta bilatutako konponbideak azaldu zituzten alkateek eta udal-egiturak kudeatzeko dauden aukerak eztabaidatu ziren. Era berean, Karrantzako Udaleko oposizioko kide Julen del Curak bere udalerriaren egoera deskribatu zuen.
Egungo ereduaren alternatiba gisa aurkeztu da “Irtenbidea badago: eraldaketa soziala eta burujabetza”, ezkerretik Euskal Herriko burujabetza politikoa zein ekonomikoa lortzeko. Proposamen sozioekonomiko irekia izaki, jende orok parte har dezake ekarpenak, aldaketak… eginez.
Informazio gehiago: http://irtenbidea.net/proposamen-sozioekonomikoa/