Udalak jada argitaratu du dendaren ustiapen- eta kudeaketa-zerbitzuak kontratatzeko prozedura jasotzen duen administrazio-klausula berezien agiria. “Zaharra 12” dendak bere kokapenari zor dio izena eta eraberritze-lanei ekin zaie dagoeneko.
Urtero 2.280 euroko kopuru finkoa ordaindu beharko da kanon-kontzeptu gisa, 190 euroko hamabi hilerokotan. Diru-kopuru horri kontraprestazioaren unean indarrean dagoen BEZa gehitu beharko zaio eta dagokion PFEZ atxiki ere bai. Gainera, hiru hilabetean behin salmenten araberako zenbateko aldakorra ordaindu beharko da (BEZa gabe). Kontratuak bi urteko iraupena izango du hasiera batean.
Klausulen agiria datozen egunotan argitaratuko da Bizkaiko Aldizkari Ofizialean eta, data horretatik aurrera, interesa dutenek 30 eguneko epea izango dute euren eskaintzak Urduñederrako bulegoetan aurkezteko (Burdin 2, 1. ezk.). Eskaintzak gutun-azal itxian, mezularitza-zerbitzu bidez edo eskura aurkeztu ahalko dira 9:00etatik 14:00etara.