Aisialdi Taldeak mota guztietako jarduerak antolatu ditu Gabonotan. Begiraleek prestaturiko ekintzek, haurrak eta gazteak ez ezik, adinekoak ere izan dituzte helburu.
Eguberri bezperan, arratsaldean, zahar-egoitzara abiatu ziren bertan dauden adinekoekin bingo-partida egiteko. Hamaika opari banatu zituzten linea nahiz kartoi osoa osatzen zituztenen artean eta guztiek jaso zuten sorpresaren bat.
Horrez gain, urteroko hitzordu bilakatu den Gabonetako irteerarako Arabako Monasterioguren herria aukeratu zuten, non hiru egun igaro zituzten, abenduaren 26tik 28ra. Azkenik, herenegun, egun pasa joan ziren BECeko PINera.