Azpiegitura Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomi Sustapen Sailaren mendeko sozietate publikoa da, enpresa txiki eta ertainak (ETE) kokatzen laguntzea helburu duena. Elkartegiak izeneko sare bat du eta horren bidez Bizkaian dituen elkartegietan lokalak saldu eta aloka daitezke; gainera, enpresa sustatzaileek dohainik eskura ditzakete guneak.
Urduñan ere elkartegi bat sortzeko proiektua abian da eta Udalak behin betiko onetsi du "La Rondina" sektore industrialaren birpartzelatzearen likidazioa, bertan kokatuko baita enpresa-gunea. Sektore hau urbanizatzeko gastuak guztira 12 milioi eurokoak dira, honako banaketa honekin:
1. Kapitulua- Proiektuak eta kudeaketa: 254.000 euro
2. Kapitulua- Kalte-ordainak: 283.000 euro
3. Kapitulua- Urbanizazio-obra: 11.461.000 euro
Era berean, Udalak hasierako onespena eman dio “La Rondina-ko” I-4 lursail industrialaren xehetasun-azterketari.