Duela hiru urtetik hona, igerilekuen denboraldia hastearekin batera, bibliopiszina eta ludopiszinak ere bere atea zabaltzen du. Egurrezko etxola honek haur, gazte eta helduentzako literatura ez ezik, prentsa, aldizkariak eta askotariko jolasak ere gordetzen ditu.
Gaurtik hasi eta abuztuaren 31 bitartean egongo da zabalik, astelehenetik ostiralera, arratsaldeko 16:15etik 19:45era. Liburuak, egunkariak, etab. igerilekuetan bertan irakur daitezke edo etxera eraman, udal liburutegiko txartela aurkeztuz. Jolastu eta lagunekin arratsalde entretenigarria igaro nahi dutenek ere zuhaitzaren gerizpean dauden mahaietan jartzeko aukera dute. Gainera, astean behin, bertako begiraleek ekintza berezia prestatuko dute txikienentzat.