Asteburuak aurrera darrai Urduñan. Ia 500 hiritar, —haur, gazte, heldu eta zahar— batu ziren atzo Gernika plazan egindako herri bazkarian. Aurten, hotza zela eta mahaiak arkupeetan jarri behar izan zituzten eta eguraldia lagun izan ez bazen ere, horrek ez zuen giro paregabea eragotzi.
Badira jada 11 urte Mugalde Kultur Elkarteak herri bazkaria antolatzen duela. Menua, Peña de la Barca-koek prestatua, ezinhobea. Hasteko patatak errioxar erara, gero, Urduñan hazitako bildots ekologikoa eta bukatzeko postrea, kafea eta txola. Gainera, bazkaldu bitartean eta ostean ez ziren abestiak eta barreak faltatu izan.
Arratsaldean Euskal Herriko aurreskulari onenez gozatzeko aukera egon zen Fi ta Fik elkarteak antolatutako aurresku txapelketaren eskutik. Hamar partehartzailek, horien artean 4 neska, beren handitasuna eta dotoretasuna erakutsi zuten eta, azkenean, Haizea Ormaetxea leioarrak jantzi zuen txapela.