Udal-gobernuak ikusezin bihurtu nahi gaitu, eta gu bazterrean uzten saiatzen ari dira. Baina guk, betiko lez, zutunik jarraitzen dugu herriaren alde, urduñar guztiei gure onena ematen.
2024an buru-belarri aritu gara aurreko legegintzaldietan hasi genituen proiektuak aurrera atera daitezen, EAJk ez zitzan kaxoi batean ahaztuta utzi. Horren adibide dugu, besteren artean, Harresi Barrua Parkea: proposamen zehatzak egin ditugu espazio horren erabilera arautzeko eta herriarentzat lehenbailehen irekitzeko (bide batez, obrak abuztuan bukatu ziren; ez dakigu zeren zain dagoen udal-gobernua).
Azken hilabeteotan, aktiboki parte hartu dugu merkataritzan eta ostalaritzan euskara sustatzeko kanpainan; aktiboki ari gara txosnen ordenantza prestatzen, elkarte eta urduñarron ahotsa entzuten, eta etengabe ekarpenak egiten Urduñan emakumeok* askeagoak izan gaitezen. Auzoz auzo egon gara bizilagunekin, kalean, herri irisgarri eta jasangarriagoa eraikitzen. Lokatzetan ere ibili gara –zentzu literalean– eta desobiratzeen 3. fasean parte hartu dugu, umiltasuna eskuan, Aranzadiko kideekin elkarlanean memoria historikoa berreskuratzen.
Urte berria, asmo berriak. Hala diote. Guretzat ere nobedadez beterik dator urtarrila, egoitza berria inauguratuko baitugu, gure bilgunea. Herritarrek aukera izango dute bertara hurbiltzeko, euren kezkak guri helarazteko, guztion artean Urduña biziago baten alde egin dezagun.
Eta 2025ari zer eskatzen diogu? Urduñarrok elkarren artean zaintzea, bizitzako edozein arlotan.