Nafarroa bizirik elkartearen ekimenez (Independentistak sarearen laguntzarekin), Euskal Herriko nafar gazteluak mugarritzen ari dira. Hori dela eta, Untzuetan dagoen nafar gaztelua mugarritu nahi da eta horretarako Untzueta inguruko herri guztietan (Orozko, Zeberio, Arrankudiaga-Zollo, Arakaldo eta Ugao) hainbat ekimen antolatuko dira. Ekimen horietako bat apirilaren 6an Untzuetako gailurrean egingo den nafar gazteluaren mugarritzea da.
Orain dela urte batzuk, Untzuetan indusketa arkeologiko bat egin zen Aunia Kultur Elkarteak eta Aldundiko Kultura Saileko Ondare Historikoaren Zerbitzuak sustatuta. Indusketa horretan nafar gazteluaren kanpoko hormak, dorrearen hondarrak eta dorrearen ur-zuloa topatu ziren gaur egun dauden telebista antenen ondoan. Horrez gainera, lantzen puntak, hondar zeramikoak, giza kontsumorako animalien hondarrak, harri-bolak, etab. aurkitu ziren.
Indusketa lanen txostenen arabera, Untzuetako gaztelua estrategikoki kokatuta zegoen Untzuetako gailurrean, handik kontrolatu zitekeelako Nerbioi ibaiaren ibilbide naturala. Gainera, gaztelutik argi eta garbi ikusten zen Gorbeia (Orozko), Mandoia (Zeberio), Laudio-Aiara, Hego Uribe (Arrigorriaga, Ugao, Arrankudiaga-Arakaldo eta Zollo). Hortaz aparte, txosten hauen arabera, garrantzirik handiena daukan gertakaria da Untzuetako gaztelua eta Malmasin gaztelua (Basauri-Arrigorriagan dago. Hemen oraindik ez da indusketa-lanik egin) elkar babesten zirela. Horrez gain, Untzuetako gazteluak harresi bat zeukala eta barnean bizitzeko egokia zen dorre bat zegoela ondorioztatu dute indusketa-txostenek. Dorrean, ur-zulo bat eta elikagaientzako gordeleku bat zeudela diote ere.
Gazteluaren inguruan aipamenik garrantzitsuenetako bat da Gaztelako armadak ez zuela inoiz gaztelua hartu nahiz eta, hainbat garaitan, Gaztelako tropen batailak eta setioa jasan. Bataila horietako batean Bizkaiko jauna atxilotzeko zorian egon omen zen ere. Horrez gainera, aipatu behar da, gazteluko setioetan, Gaztelako armadek “fundibulo” (Erdi Aroko arma, erromatarren katapulten antzekoa, baina muturrean 30-40 kiloko harriak botatzeko habaila bat daukana eta harriak 400 metroko distantziara jaurti zitzakeena) bat edo batzuk erabili zituztela gaztelua hartzeko asmoz. Hori dela eta, gazteluaren inguruko mendi-mazeletan “fundibulo”-an erabilitako hainbat harri-bola aurkitu dira.
1277. urtean, Alfonso X.ak (Alfonso Jakituna) Untzuetako gaztelua hartu zuen eta hamabi urte beranduago bere seme Santxo IV.ak. Urte batzuk geroago, 1334an, Gaztelako Alfonso XI.aren setioari eutsi zion gazteluak eta, 1338an, Gaztelako Pedro I. erregeari aurre egin zion. Azken bataila hau dela eta, gaztelua nahiko hondatuta geratu zen, eta, XIV. Mendean, Bizkaiko Tello jaunaren aginduz, gaztelua bota egin zuten. Horren ondorioz, orain ezagutzen den moduan geratu zen gaztelua.
Pasarte historiko hauek direla eta, Untzueta inguruko herrietan kondaira desberdinak sortu ziren. Adibidez, euskaldunen pentsamoldeek harri-bolen jaurtipena basajaunekin lotu zuten. Hori dela eta, Arrankudiaga-Zollon kondaira bat dago non esaten den ekaitz garaietan basajaun batzuk harri-bolak jaurtitzen zituztela Untzuetatik Goikoganeraino, eta beste batzuek alderantzizko bidean botatzen zituztela, inoiz Urdiolan talka egiten zutelarik, hau da, basajaunak harri bolekin bola-jokoetan aritzen zirela esaten du kondairak. Orozkon (harri-bolak Muruetatik Untzuetaraino jaurtitzen ziren) eta Zeberion (kasu honetan Mandoiatik Untzuetaraino jaurtitzen ziren) kondaira bera edo oso antzekoak daudela jakiteak Untzueta inguruko herrietan gazteluan gertatutako batailei garrantzi handia ematen zaiola ondorioztatzen du. Horrez gain, nabarmendu behar da batailek euskaldunon gain izugarrizko oihartzuna izan zutela, kondaira moduan transmititu baitira gure artean gaur egun arte, gazteluan jazotako gertaera historikoak eta euskaldunon mitologia lotuta.
Bukatzeko esan martxoan hainbat jarduera antolatu direla Untzuetako Nafar Gazteluaren istorioa ezagutarazteko. Hor doa behin-behineko agenda:
· Ugaon: martxoaren 8 eta 9an, erakusketa eta 12an “La situación de la mujer navarra tras la conquista” hitzaldia. Amaia Nausiak emango du, Jane Jauregian, arratsaldeko 7etan.
· Arrankudiaga-Zollon: martxoaren 21ean, “Untzueta Nafar Gaztelua” hitzaldia, Iñaki Egiluzen eskutik, Gizarte-Etxean, arratsaldeko 7:30ean. Martxoaren 22 eta 23an, erakusketa Gizarte-Etxeaan eta 21ean, eskolan.
· Arakaldon: martxoaren 30ean, Arkatzan Nafarroako ikurrina altxatu ondoren, erakusketa eta hamaiketakoa.
· Orozkon: martxoaren 4an seguruenik erakusketa bat egingo da.
· Apirilaren 6an Untzuetara igoko da mugarritzea egiteko eguerdiko 12etan; mugarriak begiztatuko dira eta ondoren bazkaria.
Azkenik, deialdi bat egin nahi diegu inguruko herrietako biztanleei gogora ekartzeko denboran zehar ahaztuta egon den gure herriko gertaera historiko interesgarria hau: Nafarroako historia, euskaldunon historia eta Euskal Herrikoa.
Denok Untzuetara!!!