Albiste bitxi bat jaso genuen lehengo egunean: Laudioko Aratusteen amaieran ez da Lezeagako sorginaren panpina erreko eta, aitzitik, gorazarre egingo zaie sorgin izatearen akusazioaz Inkisizioak justiziatutako eta eraildako emakumeei. “Emakumeekiko zigorra” “gorazarre” bilakatu nahi da, sorgin haiek “garai bateko feministak” izan zirelako.
Hor, nonbait, galdu gara eta zaku emozional berean sartu ditugu nahasi ezin daitezkeen kontzeptuak.
Aratuste guztiak, izatez, purifikazio erritualak dira, neguari amaiera eta udaberriari bizitasuna ematekoak. Horretarako txarkeria, gaitza... zerbaiten irudikatzen da, gerora, eliminatzeko. Horrela errazten zaio bidea zori onari, emankortasunari eta oparotasunari.
Hori da, funtsean, gure jaiaren amaieran dagoena eta ez du zerikusirik Inkisizioak pertsonak epaitu eta sutan erailtzearekin edo, kasualitate hutsa ez bada, emakumeekin. Ez dut uste inork ausartuko denik irizpide hori berori estrapolatzen gure Aratusteetako hartz, oilar, Miel Oxin, Markitos, porreroak... bezalako pertsonaien amaieretara.
Lezeagako sorgina —izatez lamina bat da, gainera— gure aratusteen ikono modernoa da. Beraz, ez litzateke arazorik egon beharko nahi den moduan erabiltzeko edo eszenifikazioa gura adinean aldatzeko. Baina ez ditzagun horretarako gure ondare kulturalaren kontzeptu sendoak erabil.