Zergatik jaso behar dute diru-laguntza publikoa soldata ikaragarriak kobratzen dituzten kirolarien klubek?
Diru-laguntza publikoen helburua ipertsona guztiei kirola egiteko aukera bermatzea izan beharko litzateke eta kirol jarduera ohikoa izan dadin laguntzea, maila guztietan, oinarri-kirola eta gutxiengoan dauden kirolak babestuz, bultzatuz eta sustatuz. Osasunaren Munduko Erakundearen ikerketa baten arabera, kirolean inbertitutako euro bakoitzagatik 3€ aurrezten dira osasun-gastuetan.
Ez liguke beldurrik eman behar esatea bidegabeak, ez beharrezkoak eta gehiegizkoak direla kirol erakunde batzuei instituzioek egiten dizkieten ekarpenak. Esaterako, Izarrako instalazioen inguruan Arabako Foru Aldundiak eta Deportivo Alavés-ek sinatutako hitzarmena. Diru-xahuketa hori gabe foru instituzioak ez luke arazorik izango 2013ko aurrekontuetan diru-laguntzarik gabe utzi zituen Aiaraldeko taldeen eskola-garraioa estaltzeko, esaterako, hain beharrezkoak, bidezkoak eta sozialak diren partidak.
Zuetako askok lerro hauek irakurtzean buruarekin baietz egiten duzuen bitartean, jarrera hau beste herrialde eta kiroletara estrapolatu beharko genuke, aiararrontzat gertukoagoak izan daitezkeenak, esaterako Athletic, Baskonia, Euskaltel…