Pasadan igandean, irailak 27, Gorbeia Suziein lasterketa ospatu zen Zeanurin, lau urte eskasetan estatu mailako proba garrantzitsuenen artean kokatzea lortu duen lasterketa, hain zuzen. Arrakasta hori ez da bakarrik Skyrunner Nation Series Spain, Andorra & Portugalgo Sky Series-ean parte hartzen duelako, baizik eta antolakuntza paregabeagatik, Gorbeiako Parke Naturalaren inguruan egindako azterketagatik eta ibilbide errespetutsuagatik, lasterkari talde bikainagatik (estatu mailako onenetakoak) eta herriko zein ibilbideko giroagatik.
31 kilometro eta 2.400 metroko desnibeleko lasterketaren ondoren, inork gutxik espero zezakeen lehenengo eta bigarren sailkatuen artean 12 segundoko tartea bakarrik egongo zela, bai gizonezkoen mailan eta baita emakumezkoenean ere.
Gizonezkoetan, aldaketa gehiago egon ziren lasterketa buruan; izan ere, Manuel Merillas, Zaid Ad Malek, Tofol Castanyer eta Aritz Egea lehenengo postua txandakatuz joan ziren etengabe. Azkenean, Leongo Merillasek eskuratu zuen podiumeko lehen tokia, eta Mallorcako Castenyer eta Jokin Lizeaga urnietarra izan ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Azken hau indartsu itzuli da lehiaketara, denboraldi hasiera lesionatuta eman ondoren.
Aipamen merezia duten Euskal Herriko beste lasterkari batzuk hauek dira: 5. Hassan Ait Chaou 7. Imanol Goñi 10. Aritz Egea (Gorbeiako tontorra buruan egin ondoren martxa arindu behar izan zuen bizkarreko arazoengatik, astebeteren buruan Hong Kong-en korrika egin beharko baitu, Sky World Series-eko azken proban).
Emakumezkoen kategoriari dagokionez, Oihana Kortazarrek lasterketako lehenengo kilometroak gidatu bazituen ere, Laura Orguek, igoeretako indarraz eta jaitsieretako ahuldadeaz jabetuta, atzekoekiko aldea jartzeko erabakia hartu zuen Gorbeiako Gurutzera heltzerako, handik aurrera abantaila mantendu ahal izateko (nahiz eta atzetik Laura Cabrerizo segundoak murrizten joan zen, amaierara ia sprintean heltzeraino). Azkenean, Orgue kataluniarrak eskuratu zuen lehen postua, Cabrerizo madrildarra eta Oihana Kortazar bigarren eta hirugarren tokian bukatuz, hurrenez hurren. Kortazar podium garrantzitsuenetan ohikoa bihurtzen ari da berriz, bigarrenez ama izan eta gero. Beste emakume euskaldun batzuk: 4. Maria Zorroza 7. Nerea Amilibia 8. Montserrat Vázquez 9. Sandra Sevillano
Horrez gain, nabarmentzekoa da Aiaraldeko ia 20 lasterkarik parte hartu zutela lasterketan, eta bereziki, Iñaki Isasik eskuratutako 13. postua.
Bukatzeko, nabarmentzekoa da lasterketa honen gogortasuna, eta ez soilik korrikalariek esandakoagatik, datu adierazgarri batengatik baizik: 800 lasterkarik hasi zuten proba eta 471 bakarrik lortu zuten helmugaraino iristea. Honek dena adierazten du.