Batzuetan kontrakoa dirudien arren, aurreko kurtsoko egoera ez da batere aldatu. Funtsean, berdin dirau: sistema kapitalistaren krisia sakontzen den bitartean, instituzio burgesek kudeaketa negargarria egiten ari dira ikasturte hasierari lotuta. Horregatik, beste behin ere, argi eta garbi esaten dugu hezkuntza komunitatearen langileriaren defentsa egingo dugula. Beraz, osasun baldintza egokiak izan arte klase presentzialekin amaitzea da gure exijentzia. Hori dela eta, greba eguna burutuko dugu irailaren 15ean bigarren hezkuntzan, lanbide heziketan eta unibertsitatean.
Hezkuntza digitalizazio-prozesu bat jasotzen ari da. Berrogeialdiaren agerpenarekin, burgesia klase presentzialaren desagerpenaz baliatu da, hezkuntza telematikoaren aldeko apustua egiteko. Testuinguruaren beharrak asetzeko agertu zirela esan bazen ere, ohikoak bihurtuko dira hemendik aurrera. Lehenik, pandemiak utzitako egoerak bultzatu baitu. Bigarrenik, soldatapeko lanaren konposizioaren aldaketek digitalizazioan trebatzea eskatzen dutelako. Logikoa denez, digitalizazio honek ikasleriaren gaineko kontrol soziala guztiz areagotzen du, zenbait enpresa pribatuk (Huawei eta Google) ikastetxe batzuen kontrol eta botere kuotak areagotu dituzte, adibidez.
Aipatutako guztia behin mahai-gaineratua, argi dago hezkuntzak jasaten ari duen erreforma prozesuak ikasle langileon kontra jokatuko duela. Kurtso hasiera katastrofiko honen aurrean, ezin dugu egoerari eusteko eskera sinple batzuetara mugatu, orduan, ikasle langileon benetako defentsa sutsua egin beharra dugu (esfera mediatikoen hainbestetan ahaztuta dagoena). Erroa den hezkuntza sistema kapitalista seinalatu behar dugu, hezkuntza beraren gaineko langile kontrola ezartzeko.
Amaitzeko, dinamikaren baitan hainbat neurri exijitzen ditugu, hezkuntza doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa izateko: 1- Ikasle langileok hezkuntzara sarbidea izan dezagun bermatzea, 2- Ikasketa telematikoak sortutako zailtasun akademikoek ikasleon ikasketa prozesua ez oztopatzea eta 3- Lan politikoa eta militantzea egiteko eskubidea bermatzea.
Antolatu ikasle langileok ez ditzagun ondorioak ordaindu. Antolatu kalitatezko, doako eta unibertsala izango den hezkuntza ereduaren alde! Gora ikasle langileon borroka!