Galtzagorri Kultur Taldearen esperientzia Arloteekin

Erabiltzailearen aurpegia GALTZAGORRI KULTUR TALDEA 2016ko abu. 22a, 18:56

Orain dela hilabete batzuk gonbidapen bat heldu zitzaigun Galtzagorri Kultur Taldekoei. Gonbidapena Arloteen eskutik zetorren eta aukera ematen ziguten eurekin Erroke Deuna egunean kamioian abesteko.

Gonbidapena deigarria egin zitzaigun, zeren eta koadrilen arteko harremanak sustatzeko aukera emateaz gain, Laudioko Ruperto Urquijo Marurik egindako abesti ezagunak abesteko aukera genuen. Hori horrela, gutako kide batzuek, ziztu bizian, izena eman genuen (plaza murritzak baitzeuden).

Taldea sortutakoan haien entseguetara joateko aukera/beharra izan genuen. Izan ere, nahiz eta abesti asko txikitatik ezagutu izan entsegua beharrezkoa genuen horiek oroitzeko eta ederto intonatzen jakiteko. Beraz, abentura horretan irrikaz, ilusioz, urduritasunez eta abar murgildu ginen.

Lehendabiziko entseguetan urduritasuna genuen azpimarragarri. Alde batetik, egun abesten ez genuelako eta bestetik, “atzerritarrak” ginelako. Halere, urduritasun horiek apurka aldentzen joan ziren jasotako tratu ezin hobeari esker. Kontua da lehendabiziko minututik arloteen parte sentitu ginela euren tradizioak ezagutuz eta horietan parte hartuz.

Entseguek aurrera egin ahala gure doinua bide onetik zihoala zirudien eta, behintzat, sarrerak, denborak eta letrak “kontrolatzen” hasi genituen. Entseguak behin bukaturik (oporretan ahotsak ere jai hartu behar baitu) eta ikasitakoa ez ahanzteko asmoarekin  egunen baten gure kabuz egindako entseguak ere egin genituen .

Egunak aurrera egiten zuten heinean Erroke Deunak gertuago ikusten genituen eta horiekin bat urduritasunak gora egiten zuen. Abuztuaren 15a heldu zenerako hainbatetan ikusi izan genituen Arloteen emanaldiak herri eta auzo ezberdinetan, eta horietako batzuk gure ustekabeko parte hartzearekin egin ziren.

Horren guztiaren ostean abuztuaren 16a heldu zen. Horrekin batera goiz jaikitzea etorri zitzaigun. Alegia, urteetan zehar gure etxera heltzeko orduetan jaiki behar izan baikinen. Goiz jaikitze horrek “min” asko egin bazigun ere berehala “min” guztiak pasatu zitzaizkigun. Izan ere, txokora gosaltzen sartu orduko konturatu ginen merezi izan zuela ahalegintxo hori egiteak.

Gosaldu bezain pronto eta kamiorako bidean geundelarik lehenengo abestiarekin egunari hasiera eman genion. Behin kamioira ailegaturik igotzeko unea heldu zitzaigun. Atzealdeko ate txiki batetik sartu behar izan ginen eta behin barruan geundela eserleku gorenetan jartzeko aukera eskaini ziguten. Hain goian zeuden eserlekuak ziren, ezen zuhaitzen adarren parera pasatzen ginen, batzuetan horiekin gure ilea orraztera helduz.

Behin guztiok goian geundela aurrera ekin zion kamioak Laudioko zein auzoetako pertsonak izartzeko asmoz. Kamioiak bizkortzeak zituen bakoitzean denok tentsioan jartzen genituen gorputzak tente mantentzeko nahiaz, baina frenatzeko uneetan, hor bai, edozertara heldu beharra genuen, bestela jakizu non buka genezakeen.

Horrez gain, bidea egiten geundenean errege magoak bezala leihoetako zein kaleetako pertsonak agurtzen genituen. Ezagutu ala ez ezagutu denok elkarri agur esaten genion abesten gindoazen bitartean.

Kamioian kriston giroa zegoen eta abesten, jaten eta edaten gindoazen bitartean ere gure Laudioko paisaia ederraz gozatzen joan ginen, baina aldi honetan inoiz ez ikusitako altuera eta perspektiba pribilegiatu batetik.

Goizeko 9:30ak aldera haien tradizioak esaten duen bezala Lateorroko Apaloeta auzoan egin genuen etena eta bertan Unzaga familiako kide bat kamioira igo zen. Izan ere, puntu horretan bertan eta urteetan atzera egin ohi izan zen bezala txorizoz eginiko torta bat eta ardo bota bat eskaintzen zitzaien hamarretakoa egin zezaten. Behin bukatuta, bideari berriro ere ekin genion eta 10:30ak aldera Aretako Errotazar baserrian egiten genuen etena. Bertan arlote batzuen eskuz sukaldatutako tortillak, txorizo frijitua, odoloste frijitua eta abar itxaroten zizkiguten gure sabela betetzeko guraz.

Bertan alkatearekin elkartu ginen eta  tripak bete ostean  ohiko argazki ofiziala egiteari ekin genion. Behin hori eginik berriz kamioira igo ginen herriko enparantzara heldu arte. Heldutakoan jaitsi eta abesten jarraitu genuen abesti pare bat. 12ak heldurik Gehiago abesteko denborarik ez genuen izan, zeren eta tradizioak esaten duen bezala entzierroa ikusi edo korrika egin behar zen.

Halere, entzierroaren ostean berriro elkartu ginen herritik abesten jarraitzeko, baina aldi honetan oinez bidea eginez.

Idatzi honen bidez ez dugu ezta esperientziaren laurden bat plazaratu, baina hain zaila da bizitutakoa azaltzea hitzen bidez, non eurekin lehenengo pertsonan bizitzea den horretaz jabetzeko aukera bakarra.

Hain esperientzia polita izan da, ezen gutako batzuk Arloteekin jarraitzea pentsatzen ari diren. Bukatzeko, eskerrak eman nahiko genuke Arlote guztiei, euren tradizioak, kontakizunak, istorioak eta abar gurekin partekatzeagatik, etxean bezala sentitu gara.

GORA ARLOTEAK!

GORA SAN ROKE!

GORA LAUDIO!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide