Astebetez euskara hutsean bizitzeko apustua egin dute Egiako 18 eragilek

[ Artikulu hau argia.eus web-gunean argitaratu du Onintza Irureta Azkune kazetariak ]

Egiatarrak horretan saiatuko dira, goizetik gauera euskaraz bizitzen. Astebeteko konpromisoa hartuko dute eta koadernotxoan idatziko dituzte bizipen pozgarriak, frustrazioak eta edonolako gogoetak. Donostiako Egia auzoko 18 elkarte eta taldek ontzat jo dute ekimena.

Egia Euskaraz Batzordea da ekimenaren bultzatzaile, eta haien ustez, ekimenaren nolakotasunaren “errudun” Lutxo Egia da. Bilbotar idazleak hilabete osoa igaro zuen euskaraz soilik hitz egiten eta Berria egunkarian egunero hausnarketak idatzi zituen.

Egiatarrek Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen dute urtero, baita bi urtez behin (Korrika ez denean) Egia Euskaraz Eguna ere. Haratago joan nahi zuen ordea Egia Euskaraz Batzordeak. Hala, zazpi astez txandaka eragileak (auzoko talde eta elkarteak) jo eta su euskaraz arituko dira, harik eta komunikazioa oztopatu arte. Dendaria izan daiteke, senidea edo dantza taldekoa, euskaraz egiten ez duena baina dena ulertzen duena. Hala ere, halakoetan gaztelaniaz egiteko joera dago. Astebete horretan halako inertziak apurtzeko aukera asko izango dira. Euskaraz ez dutela ulertzen diotenak ere parean izango dira. Haiek motibatzea ederra litzatekeela uste dute Batzordekoek. Ez jakin auzotarrek, dendariek eta bestelakoek zein jarrera hartuko duten astebetez euskaraz bizitzeko konpromisoa hartu duten horien aurrean.

Bizipen onak, txarrak, edo hausnarketak idazteko koadernotxoak utziko dituzte auzoko hainbat tokitan, nahi duenak erabil ditzan. Batzordearen asmoa idatzi horiek denak jasotzea eta ondorioak ateratzea da. Koadernoaz gain Euskaraz Bizi Nahi Dugulako pina ere banatuko dute. Horrela, ekimenean parte hartzen ari dela jakina izango da.

38 dendetan euskaraz egin daiteke

Urtarrilaren 8an abiatuko den ekimenaren berri auzotar askok izango du ordurako. 18 talde eta elkartek horren berri izateaz gain atxikimendua adierazi dute. Dendariak ere jakitun dira, eta Egia Euskaraz Batzordeak Egiako Establezimenduetan Euskaraz gida atera du. Euskaraz zerbitzua eskaintzeko gai diren 38 dendaren zerrenda da gida, behin-behinekoa. Martxoa bitartean, osatzen joango dela uste dute. Izan ere, urtarrilaren 8tik otsailaren 26ra 18 eragileek eta otsailaren 26tik martxoaren 4ra norbanakoek astebeteko Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako ekimena egingo dute eta haiek zerrenda osatzen lagunduko dutela uste da.

Konpromisoa hartu dutenek ez dute sarerik gabe jauzi egingo. Prestaketarako aukera izango dute abenduaren 12an Aitor Ikastolan. TELP tailer moduko bat egin ahal izango du hara gerturatzen den edonork. Euskaraz egin ahal izateko oztopoak sortzen direnean, zein jarrera hartu eta nola jokatu ikasten arituko dira. Egiazko ikasketa astebeteko jardunean izango da, eguneroko hizkuntza harremanetan sortutakoetatik. Ikasitakoa konpartitu eta ondorioak ateratzen hasteko garaia berriz, martxoaren 12an, Egia Euskaraz Egunean, denek biltzeko aukera izango baitute.

 

 

Marixol Agirre Begiristain, otsailaren 26tik martxoaren 4ra, bizi den auzoan, Egian, egun osoz euskaraz egiten saiatuko da. Halako ariketak aurrera begira euskaraz aritzeko indarra emango diola uste du, eta jakin-minez dago otsaila iritsi zain.

Zer dela-eta animatu zara Euskaraz Bizi Nahi Dugulako ekimenean parte hartzera?

Batzuetan euskaldunok aukera gutxi dugu euskaraz aritzeko eta horrelako ekimen bat baliatu egin behar dudala iruditzen zait. Erdarak tokiak hartzen segitzen du. Euskara dakigunok giro deserosoa ez sortzearren errazera jotzen dugu, eta erdaraz egin.

Gutxi dakitenei laguntzeko aukera izango duzu.

Gutxi dakitenei esan behar diegu egiteko euskaraz, lasai hartzeko eta erabiltzeko. Beldurrak uxatu behar dituzte eta dakitena erabili. Guk uste baino jende gehiagok daki eta dakigunok erabili egin behar dugu.

Hasi al zara errepasatzen senideekin, lagunekin, lantokian… zein oztopo izango dituzun?

Familia euskalduna dut, eta beraz, alde horretatik ez dut arazorik izango. Lantokiari dagokionez, irakaslea naiz eta lankide eta haurrekin euskaraz egiten dut, baina guraso guztiekin ez. Kontua da ez naizela Egia auzoan irakasle, eta orduan saiakera ez dut neurri berean egingo. Lagunartean, asteburuan, poteoan, ez da hain erraza izango, ikusi behar nola moldatzen naizen, batzuengandik ihes egin beharko dut, lagunak aukeratu beharko ditut… (kar kar kar).

Euskarari buruz hitz egiten al duzue lagunartean?

Hitz egiten dugu, baina ez da gai erraza. Batzuen ustea da beti aldarrikapenean ari garela, beste batzuen ustez biktimarena egiten aritzen gara. Inor ez mintzeagatik erdaraz egiten dugu askotan. Pasa-errazak gara, harremana ez okertzeko erdaraz egiten dugu. Modu apalean, baina bi aldeak ulertzeko ahalegina egin behar dugu, eta besteak euskara erabiltzera bultzatu. Astebeteko saioa erronka izango da niretzat.

Paparrean identifikazio pina eramango al duzu?

Bai, jartzeko asmoa daukat. Jendearengana hurbiltzerakoan errazago izango dela iruditzen zait haiek jakitea zertan ari garen. Bestalde, egunerokoan eguna nola joan den jasoko dut, oztopoak eta beste. Nik uste dut horrek denak gero balioko digula euskaraz bizi nahi horretan hobeto moldatzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide