(Berria egunkarian Maite Lozanok argitaratutako testua)
Zer egiten dute erakundeek indarkeria matxistaren aurka? Kritiko dira feministak: egiturazko bortxari ez erreparatzea egozten diete, eta politikak ikuspegi mugatu horren arabera ezartzea.
Izozmendiaren irudia erabiltzen da maiz indarkeria matxistaren inguruan zabalduta dagoen ideia azaltzeko: izotz zati txiki bat baino ez dago agerian, baina ur azpian ezkutuan den egiturak sostengatzen du ur gainean dagoena. Marinelek izozmendiez duten ikuspegi antzekoa dute erakunde publiko gehienek andreen kontrako indarkeriaz: azaleratzen diren tratu txar bortitzenak, hilketak eta sexu erasoak ikusten eta gaitzesten dituzte, baina oinarrian den egiturazko bortxa ez dute kontuan hartzen. Bortizkeriaren gaineko ikuspegi partzial hori traba da politika integralak abiatzeko, aditu feministen ustez.
«Indarkeria matxistaren inguruko gauza batzuetan denak gatoz bat: emakumeak hiltzea txarto dagoela uste dugu», azaldu du Norma Vazquez psikologo eta psikoterapeutak; «hortik aurrera, ordea, ez gaude ados: ez dugu bortizkeriari buruzko ideia bera». Instituzioen adierazpenen eta jardunen artean kontraesan larriak atzeman ditu Laura Gomez berdintasun teknikariak ere: «Diskurtso politiko batzuek onartzen dute indarkeria matxistaren kausa emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna dela, baina, aldi berean, erakundeen praktika politikoek desberdintasun hori etengabe elikatzen eta erreproduzitzen dute; adibidez, aberastasuna banatzen ez duen zerga politika baten bidez».
Berdintasunaren alorrean lan egindako urteetan, erakundeen jarduna ondo ezagutzeko aukera izan dute Norma Vazquezek eta Laura Gomezek, kanpotik zein barrutik. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendari izan zen Gomez aurreko legegintzaldian, eta Vazquez bidelagun izan zuen hainbat proiektutan. Mugimendu feministak erreferentetzat du haien lana, instituzioaren ikuspegia zabaltzea lortu zutelako.
Oinarrian ezarri zuten aldea: indarkeria matxista ulertzeko moduan. Bortxaren egiturazko izaera nabarmentzen dute: izozmendiaren puntan dauden tratu txarrek lotura estua dute ur azpiko indarkeria sinbolikoarekin eta eredu sozioekonomikoarekin. Ekonomia feministatik edan du Gomezek: «Logika neoliberalaren barruan ulertu behar da bortizkeria, patriarkatuarekin duen aliantzari lotuta. Egungo eredu sozioekonomikoaren lehentasuna etekin ekonomikoak pilatzea da, eta pertsonen bizitzak helburu horren zerbitzura jartzen ditu: gehiengoaren bizi baldintza duinen aurka egiten du. Sistema hori obedientziaren bidez mantentzen da; limurtzen saiatzen da, baina ez badu lortzen, indarkeria erabiltzen du».
Bada, emakumeen aurkako bortxa ere abagune horretan kokatzen du: «Andreok sistema hori sostengatzen dugu, lan indarra erreproduzitzea ahalbidetzen duen doako lan ikusezina eginez; indarkeriaren xedea da ordena hori mantentzea. Obedientziari uko egiten dioten emakumeen aurka egiten dira eraso zuzenak batik bat». Erakundeetan, baina, bestelako ideiak eta jardunak daude martxan: «Indarkeria batzuek ez dute inolako arretarik edo babesik lortzen: homofobia, lesbofobia eta transfobia ez dira existitzen instituzioentzat, ezta sexu indarkeria ere. Gure erakundeek genero indarkerian baino ez dute arreta pixka bat jartzen».
Bikotekideek edo bikotekide ohiek emakumeen aurka egindako tratu txarrak jorratzean ere ez dute bere «dimentsio osoa» kontuan hartzen, Vazquezen iritziz. Feministen diskurtsoak eta argudioak hartzea eta ondorioak murriztea leporatu die erakundeei: «Adibidez: feministok argudiatu izan dugu indarkeriaren kausa ez dela pobrezia, biktima guztiak ez direla pobreak; bada, diskurtso hori partzialki hartu eta moldatu egin dute instituzioek, eta, ondorioz, ematen du indarkeriaren kausa eremu psikologikoan soilik dagoela, hau da, arazo pertsonal eta indibidual bat dela. Aberrazio bat da egiturazkoa den arazo bat psikologizatzea: arta psikologikoa lagungarria izan daiteke emakumeentzat, baina arreta osoa horretara mugatzea arazoa testuingurutik ateratzea da».
Gatazka «ikusezin» bihurtzeko joera bat ikusten du Laura Gomezek, «indarkeria matxista eragiten duten botere harremanak ezkutatzekoa». Norma Vazquezek erantsi du «merkeago» ateratzen zaiela erakundeei, «arlo ekonomikoan ez ezik, indarkeria ulertzeko ahaleginetan ere». Izan ere, politika publiko ekonomikoak alboratzen ditu jarrera horrek. «Ahalduntzearen kontzeptua autoestimura mugatzeko intentzio politiko bat ikusten dut: baliabide gutxiago eskatzen du eta gauza gutxiago jartzea auzitan. Baina zer gertatzen da emakumeen errekurtso faltarekin? Andreok ez baititugu eskura boterea eta autonomia ematen diguten baliabideak».
Eskumenak, bereizita
Erakundeetan indarrean den ikuspegi horrek errealitatea «zatikatu» egiten duela uste dute biek. Ondorioak agerikoak dira politika publikoetan: berdintasun politiken eta arreta zein babeserako zerbitzuen «dibortzioaz» mintzo dira adituak. Gomez: «Indarkeria matxistaren inguruko diskurtso bakarra ez dagoenez, ez dago indarkeriaren aurkako prebentzio, ikerketa, arreta eta trebakuntza eredu koherenterik». Eskumenekin lotutako beste bereizketa bat ekarri du gogora: «Udalen, diputazioen eta gobernuaren artean banatuta daude. Eta, egoera horretan, instituzioak kezkatuago daude baliabideen kudeaketaz, emakumeen beharrizanei erantzuteaz baino. Hortaz, ez dugu lortu indarkeriari aurre egiten ari zaizkion andreak malgutasunez eta osotasunez lagunduko dituen zerbitzu eta baliabide sare bat artikulatzea».
Izan ere, erakundeetara iristen diren andre guztien egoera ez da berdina: euren gaitasunak, familia eta gizarte sareak, egoera ekonomikoa... oso bestelakoak izan daitezke. «Baina baliabideen kudeaketaren ikuspegitik, gizarte zerbitzuetara heltzen direnean, errekurtsoen zerrenda irakurtzen diete segituan; alferrik da: ez dira gogoratuko, eta, gainera, ez dituzte baliabide guztiak behar izango», azaldu du Vazquezek.
Tratu txarrak jasaten dituzten andreekiko arretak, gainera, salaketa du ardatz egun. Biktimentzat, ordea, ez da beti tresna eraginkorra. Vazquezek eman du datua: hildako emakumeen %15ek soilik zuten jarria denuntzia. «Epaiei jarraipena egin beharko genieke, jakiteko zergatik emakumeek ez duten salaketarekiko konfiantzarik. Adibidez: gizon bat bere emaztea hiltzen saiatu zen, itoz, eta andreak bere burua defendatu zuen; senarrari kolpeak emanez askatu zen. Bada, epaileak ez zuen genero indarkeria deliturik ikusi, emakumea ere erasotzailetzat hartu zuelako. Gizona errugabetu egin zuen, eta andrea urruntze agindurik gabe geratu zen».
Defentsarako eskubidea
Indarkeria matxistaren inguruko trebakuntza faltari egotzi dio hori Gomezek: «Ikuspegi zatikatu horren ondorioz, profesional askok dudan dute bortizkeria batzuk bortizkeria ote diren, eta auzitan jartzen dute biktimen sinesgarritasuna». Vazquezek gaineratu du denuntziak ez duela berekin ekarri sistema judizialaren ulerberatasuna, eta, aldiz, salaketa faltsuekin lotutako «kontraofentsiba» eragin duela. «Salaketak izan behar luke andreen segurtasuna bermatzeko eta erasotzaileen zigorgabetasuna saihesteko tresna bat. Ez nago salaketaren kontra, bi ezaugarri horiek betetzen baditu, baina gaur egun ez da hala gertatzen».
Areago: biktimak errudun bihurtzeko estrategia horren aurrean, emakumeen defentsarako eskubidea aldarrikatu behar dela uste du: «Ematen du hiltzen dituztenean bakarrik direla biktima; bere burua defendatzen badute inputa ditzakete, edo erasoa bikote eztabaida bihur daiteke». Bat dator Gomez: «Indarkeriarik gabeko bizitzak izateko emakumeok dugun eskubidea ez da eraginkorra. Estatuek eta instituzioek ez dute bere gain hartu hori bermatzeko erantzukizuna. Eta babesten ez dituzten neurrian, emakumeek beren burua defendatzeko duten eskubide legitimoa defendatu behar dute instituzioek».
Bestalde, salaketa jartzearen baldintzak kanpoan uzten ditu hainbat emakume, pairatzen ari diren bortxaz kontziente ez direnak. «Andre batzuk terapiara etortzen dira bikotekideekin arazoak dituztelako, baina ez dituzte erasotzaile gisa ikusten», azaldu du Vazquezek. «Distantzia handia dago kontakizunetan: nik oso argi ikusten dut indarkeria jasaten dutela, baina haiek ez dute arriskua antzematen».
Prozesuak, hortaz, alderantziz beharko lukeela berretsi du Gomezek: baliabideak andreen zerbitzura jarriz, euren egoera uler dezaten, eta apurka erabakiak hartuz joan daitezen. «Emakumeek mina sentitzeko baimena eman behar diete beren buruei, eta min hori aitortu behar zaie; ondoren, oinazeari ezagutza esparru bat jarri behar diogu —haren iturria eredu sozioekonomiko jakin batekin lotuta dagoela ulertzeko—, eta, hortik, gauzak aldatzeko aukera eman behar diegu. Politikak emakumeen prozesu horretara moldatu behar dira; onartu behar dute denbora eskatzen dutela, eta gauzak egiteko beste modu bat behar dutela».
Ildo horretan bidea egiten hasteko gako bila, abiapuntura jo dute biek. Gomez: «Funtsezkoa da indarkeriari buruzko iruditeria zabaltzea: bortizkeria adierazpide guztiak aztertu, non gertatzen diren, zergatik, nork egiten dituen... Begirada horretatik egin behar dira politika publikoak, indarkeria horiek jasaten dituztenak arta eta babes ditzaten, eta kaltea oneratu dezaten».