Atzo Artziniegako udaletxean egindako ez-ohiko udalbatza saioan bozkatu ziren 2013rako aurrekontuak. Udal-gobernua osatzen duten EAJko lau zinegotziek eta alderdi popularreko biek eman zioten babesa talde jeltzaleak aurkeztutako aurrekontuari. Bilduko hiru zinegotziak aldiz, abstenitu egin ziren "herriarekiko arduragatik" azaldu zutenez.
Koalizio independentistak salatu zuen EAJk nahiago duela euren eskumara dagoen PPrekin akordiotara iritsi Bildurekin baino. "Agintaldia hasi zenetik ekarpenak eta ideiak ekarri ditugu Udalera, oposizioa positiboan egiten ahalegindu gara, zer eta aurrekontuen onarpena iristen denean hauek guzti hauek ezerezean gelditzeko" adierazi zuen Fernando Ureta zinegotzi independentistak. Era berean, nabarmendu zuen onartu berri diren aurrekontuak 2012koen "corta y pega" bat direla, eta Bilduk egindako proposamen guztietatik bi baino ez dituztela aintzat hartu. "Ez dira gure aurrekontuak, mahai baten bueltan PPk eta PNVk hitzartutakoak baizik".
Jose Elejalde Alderdi Popularreko zinegotziak gezurtatu egin zituen Bilduren salaketak "oposizioko alderdi guztiek ekarpenak egiteko aukera berdinak izan ditugu".