LAB sindikatuak kaleratutako oharrean adierazi duenez, “sinatutako hitzarmena aurrekaririk gabeko atzerapausua da enpresan, hala eskubide sozialetan, nola lansariei dagokionean”. Sindikatu abertzaleak salatu du gainera, hitzarmeneko puntu asko langileei bizkar emanda adostu direla, eta azken lan erreforma osorik ezarri ahal izateko bermea izango dela sinatutako testua.
JEZ enpresan adostutako hitzarmenak ELAko lau delegatuen, Sartu-ko baten eta bi independenteren babesa izan duela jakinarazi du LABek. Hitzarmenaren ondorioz soldatetan guztira 826.000 euroko jeitsiera emango dela salatu du sindikatuak, eta beste eskubide batzuei ere uko egin zaiela; gabonetako saskia, ekonomatoa, erretretagatiko saria...
Hitzarmenak ondorio larriak izango dituela azpimarratu du LABek; “Enpresak lan-erreforma bere osotasunean ezarri ahal izango du, hitzarmenean jasota dauden baldintzak saihesteko aukera irekita geratu delako”. Era berean, LABen arabera, enpresan sortu daitekeen edozein gatazka konpontzeko PRECOra jo beharko da gatazkan dauden aldeetako batek hala eskatzen badu, “arbitrajea onartzera derrigortuak egongo dira aldeak, greba egiteko aukera ukatuz”.
Laugarren egunetik aurrerako gaixotasun bajengatiko osagarriak ere desagertu direla salatu du LABek, “lan-istripuen kasuan ere osagarri hauek gutxitzea jasotzen du hitzarmenak, orain arte % 100ekoak ziren bi kasuetan”. Sindikatu abertzaleak azpimarratu du adostu den hitzarmenean enpresari mugikortasun geografikoa ezartzeko aukera ematen zaiola.
Hitzarmenaren negoziazio prozesu guztian “ egoera ekonomikoa aitzaki jarrita enpresaren eskutik txantaia eta presioak” jaso dituztela salatu du sindikatuak abertzaleak, "lan baldintzen okertzea onartzeko presioa egin digute, enpresaren benetako egoerarekin eta abagune ekonomikoarekin zerikusirik ez duten argudioak erabilita”.
LABek jakinarazi du arrazoi hauek medio, negoziazioaren azken txanpan ez dutela parte hartu eta hitzarmena ez sinatzea erabaki dutela.
Bilera atzo
JEZ enpresako zuzendaritzak bilera deitu zuen atzo, lanorduen baitan, hitzarmena azaltzeko. LAB sindukatuko kide batzuek ez zuten Laudioko Lan Heziketa Ikastetxean egin zen bileran parte hartu nahi eta zuzendaritzak neurriak hartu behar zuela iragarri ostean, bileran egon ziren.