Aiaraldea Irratiko Harian magazinean azaldu du Josune Irabien Amurrioko alkateak Udalaren jarrera Gazte Asanbladarekiko auzian. “Udalak beti izan du Gazte Asanbladarekin hitz egiteko prestutasuna. Urteko epean ez dira gurera etorri epaiketa dagoen bitartean ez zutelako gurekin hitz egin nahi. Hitzegin nahi badute, nahi dutenean etor daitezela eta iazko otsailean utzi genuen puntuan berrartuko dugu gaia. Orain beste proiektu bat badute, horretaz ere hitzegiteko prest gaude”.
Gazte Asanbladarekin herriko beste beste taldeekin duten harreman berdina izango dutela adierazi du alkateak, “berdin tratatuko ditugu, hitz egiteko atea zabal zabalik dago”.
Matias ikastetxeko jantokiaren okupazioa
Irabienen esanetan, igande goizean izan zuten udal agintariek okupazioaren berri, “Udalaren zeregina lokal publikoak babestea da, eta anomaloa da pertsona bat edo talde bat lokal publiko batean baimenik gabe sartzea”. Zentzu horretan, udal ordezkariak okupazioan parte hartu zuten gazteekin hitz egitera gerturatu ziren igandean eta lokala uzteko eskaerarekin batera gaiaz hitzegiteko biltzeko proposamena egin zieten, “biharramunean batzeko proposamena egin genien, hala nahi bazuten” azaldu du alkateak.
Astelehenean Gazte Asanbladako hiru ordezkarirekin egin zuten ordubeteko bilera, eta Gazte Asanbladak behar batzuk zituelako hutsik zegoen Matiaseko jantokia okupatzea erabaki zutela azaldu zuten, “Matiasen berriro bai ala bai sartuko zirela esan ziguten” azaldu du Irabienek.
Udal agintariek “sorpresaz” hartu dute Gazte Asanbladak mota horretako lokal bat nahi zuenaren berria, “Gazte asanbladak pentsatu behar du gurekin hitzegin nahi duen edo ez, eta zertaz. Bere garaian aurkeztu ziguten Gazte lokalaren lehendabiziko proiektu hartaz edo Matiaseko okupazioaz”.
“Matiaseko lokala eskatzen badute, tramitazio bat du, beste elkarte batzuk ere badaude sartzeko zai. Lekuak potentzial handia du, baina kontestu batean ulertu behar da lokalaren kudeaketa” azaldu du. Matias ikastetxeko espazio batzuk epe luzerako AEK-ri lagako zaizkiola azaldu du Irabienek, “baina tramitazio honek urtebete behar izan du, gauzak adiministrazioan ez dira horren errezak”.
Josune Irabien alkateak bere kezka agertu du okupazio honekin bilatzen zenaren inguruan; “ematen dut egoera behartu nahi zutela, Udalaren interbentzioa edo salaketa bilatzen zirela, baina zein asmorekin? Hitzegiten konpontzen dira gauzak” adierazi du Irabienek.
Iaz aurkeztutako gazte lokalaren proiektuarentzako erantzuna du Udalak
“Duela urtebete Gazte Asanbladak gazte lokalaren proiektua aurkeztu zigun, eta oso gauza interesgarriak ikusi genituen proiektu hartan”. Alkateak azaldutakoaren arabera, proiektua aztertu eta udal-teknikariekin batera bertan jasotzen ziren ezaugarriak betetzen zituen lokalak bilatzeari ekin zioten. “Aukera batzuk aztertu genituen, baina momentu hartan ez zegoen baldintza haiek betetzen zuen lokalik, eta horrela jakinarazi genien Gazte Asanbladako kideei. Bi egunetara Landazuriko eraikina okupatu zuten”.
Okupazioaren ondoriozko salaketa eta epaiketa zela eta, Gazte Asanbladak Udalarekin harremanak etetzea erabaki zuen, Udala salaketaren erantzule eginez. “Behin eta berriro publikoki eta pribatuan esan diet, momentu hartan salaketa ertzaintzak ofizioz jarri zuela, eta ez guk, aukera izan genuen baina ez jartzea erabaki genuen, propio ikusten genuelako gure zeregin bakarra interes publikoko eraikinak defenditzea baino ez zela. Hala ere, epaiketan egon beharko dugu Udala leku publikoen babesle den neurrian”.
Gazte lokalaren proiektuari erantzuna badutela azaldu du Irabienek, baina harremanen apurketa dela medio, Gazte Asanbladak oraindik ez dakiela zein den Udalaren lokal proposamena. “Guk badugu erantzun bat, agian ez ditu eskatutako baldintza guztiak betetzen, baina erantzuna izan badugu, eta eurek oraindik ez dute ezagutzen, nahi dutenean erantzuna jasotzeko dute”.
Irabienek nabarmendu nahi izan du “Gazte Asanbladak udal lokalak normaltasunez” erabiltzen dituela, “Kultur etxean bilerak egiten dituzte, V. urteurrena ospatzeko matiaseko frontoia utzi zaie, azpiegiturak... zentzu horretan harremana ona da”.