Asteburu honetan Arabako Bertsolari Txapelketako lehenengo eta bigarren kanporaketak jokatu dira Lantenon eta Elosun. Unai Mendibil larrinbearrak hirugarren postua lortu zuen Lantenoko saioan, Asier Otamendi eta Xabi Igoaren atzetik.
30 bertsolari 5 kanporaketetan banatu dira. Asier Otamendi eta Aramaioko Paula Amilburu gazteak lortu dute finalaurreetarako txartel zuzena, eta besteak datorren asteburuko azken hiru kanporaketen zain gelditu beharko dira, puntuazioaren arabera pasatzen diren 18 bertsolarien osatzeko.
Txapelketako bertso asteburua Lantenon hasi zen ostiralean, Arte-eskolan. Bertan 50 entzule elkartu ziren. Afaldu ostean hasi ziren bertsolariak kantuan. Nieves del Alamo gai-jartzaileak gidatutako saio honetan, Maria Izagak lan txukuna egin zuen, 19 urteekin bere lehengo aldia zen Arabako Bertsolari Txapelketan parte hartzen zuela. Besteek, haien artean askotan txapelduna izandakoa Asier Otamendik, beraien papera ere ongi bete zuten. Horrela gelditu zen sailkapena: Asier Otamendi (157,5 p.), Xabi Igoa (147 p.), Unai Mendibil (145,5 p.), Orlando Arreitunandia (143,5 p.), Irati Anda (142,5 p.), Maria Izaga (128 p.).
Bigarren kanporaketa, igandean Elosun jokatu zen. Paula Amilburuk, hemeretzi urteko debutanteak merezimendu osoz saioa irabazi zuen eta finalaurrekoetarako txartela lortu zuen. Urtetan finala jokatu duen Iñaki Viñaspre bigarren sailkatu zen. Epaileek emandako puntuazioa hauxe
izan zen: Paula Amilburu (158, 5 p.), Iñaki Viñaspre (156 p.), Rikardo Gonzalez de Durana (154,5 p.), Xabier Lopez de Santiago (134,5 p.), Beito Martinez (131 p.), Maialen Saez de Okariz (121,5 p.)
Larunbatean Laudion
Datorren asteburuan Agurainen, Laudion eta Lantziegon jokatuko dira azkeneko kanporaketak. Laudioko saioa larunbatean izango da, Basalarrina elkartean. Bertan Izar Mendiguren laudioarra, Serapio Lopez baranbioarra, Ander Solozabal, Jagoba Apaolaza, Iker Pastor eta Beñat Oribe ariko dira kantuan. Afarian izena emateko epea ostegunerarte zabalik dago AEK euskaltegietan. Dena den, saioa entzutea bakarrik nahi duenak ere izango du parada; 22:30ean hasiko baita.
Igandean Lantziegora egingo du jauzi txapelketak. Bertan abestuko du Ainhoa Comas amurrioarrak.
Saio hauen irabazleekin batera eta puntuazioz sailkatuko direnekin osatuko dira otsailaren 16an, 23an eta martxoaren 2an jokatuko diren finalaurrekoak.