Udazkeneko Multimedia Eskolen aurtengo programan kokatuta, Aiaraldea Komunikazio Leihoak sarean antolatzen diren komunitateak eta hauek herri komunikabideekin duten harremana aztertzeko hitzaldia antolatu du gaurko. Hitzaldia Laudio Udaleko erabilera anitzeko aretoan izango da arratsaldeko 19:00etan, eta Josu Azpillaga Codesyntax enpresako eta www.uztarria.com Azpeitiko herri komunikabideko kidea arituko da hizlari.
Azpillagak Azpeitiko Uztarrian antolatutako komunitatearen berri emango du hitzaldian, bai eta komunikabideetan herriko taldeen eta herritarren parte-hartzea sustatzeko tresnen berri ere. Hiperlokaltasuna, gertukoaren erakargarritasuna, sare-sozialak... Interneten indarra hartzen ari diren joerak aztergai izango dituzte hitzaldira gerturatzen direnek.