Aurten Bigarren B mailara igotzea helburu duten bi taldeen arteko norgehiagoka berdinketan amaitu zen igandean, Portugalete 2 - Laudio 2. Partidaren bigarren zatian iritsi ziren golak, lehenengo zatian bi taldeak parekatuta ibili ondoren.
Markagailua azken bi denboraldiak Laudion jokatu izan duen Alain Yartuk ireki zuen, 60. minutuan. Bost minutu beranduago Germán Beltránek berdinketa eskuratu zuen laudioarrentzat, baina etxekoek jarraian hartu zioten aurre berriz ere; Ander Vitoriaren gola 71. minutuan iritsi baitzen. Laudioarrak ez ziren atzean geratu eta Tyson-en eskutik iritsi zen berdinketa, 75. minutuan.
Gauzak horrela, Ligako lehen bi jardunaldiak berdinketarekin amaitu ditu talde laudioarrak (Ellakurin Lagun Onak-en aurka 0-0 bukatu baitzuen), eta 10. postuan dago sailkapen nagusian. Leioako taldea da sailkapeneko buru, guztira 6 punturekin.
Hurrengo jardunaldia etxean jokatuko dute laudioarrek, Gernikaren aurka hain zuzen ere. Partidua igandean izango da, 17:30ean.