Aloriako herritarrek "San Juan Degollado" patroia omenduko dute asteon. Asteazkenean goizeko 07:30ean jaien hasiera iragartzen duen suziria botako dute, kanpaiak jotzearekin batera. Eguerdiko 12etan meza izango da, eta jarraian dantzak eta eskulanen erakusketa. Arratsalde partean mus txapelketaren XXIX. edizioa ospatuko da -300 € arteko sariekin-, eta haurrentzako jokoak ere izango dira. Gaua aldiz, DJ Juanmak girotuko du, eta goizaldeko 03:00etan, galtzontzilo lasterketa egingo dute Alorian.
Ostegunean, abuztuak 20, kalejirak eta suziriek emango diote hasiera jai egunari. Eguerdiko mezaren ostean bazkari herrikoia egongo da berriz ere, eta bazkalostean umeentzako jolasak. Gau partean parrilladaz gozatzeko aukera izango dute bertaratutakoek, eta dantzarako tartea ere gero; Izargi taldeak musikatuko baitu gaua.