Atzo jakitera emandako ebazpenean Auzitegi Konstituzionalak ez du onartu 197/2006 epaian (Parot doktrina bezala ezaguna) oinarrituta zigorra luzatu zaien hamasei presok egindako askatasun eskaera, Jose Angel Biguri aiararrarena barne. Modu honetan uztailaren 10an kondenen atzeraeraginezko luzapenaren aurka Estrasburgon hartutako erabakiari bizkar eman dio Espainiako auzitegiak, Europako epaitegiaren erabakia irmoa ez dela argudiatuta.
Konstituzionalak bizkar eman dio Estrasburgori
Espainiako auzitegiak ez ditu onartu hamasei presoren helegiteak, eta ez du aintzat hartu Estrasburgoren eskaera
H.I. DONOSTIA
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzera bota ditu 197/2006 epaian ezarrita zigorra luzatu zieten hamasei presoren helegiteak. Auzitegi horrek ez du aintzat hartu joan den uztailaren 10ean Europako Giza Eskubideen Auzitegiak kaleratutako ebazpena, irmoa ez dela argudiatuta. Ondorioz, espetxean jarraitu beharko dute Auzitegi Gorenak zigorra luzatu zien hamasei presok. Horien artean dira gaixotasun larriak dituzten hamalau presoetatik hiru. Guztira, hirurogei preso inguru daude egoera horretan.
Auzitegi Konstituzionaleko Opor Aretoak aztertu ditu Iñigo Iruin abokatuak aurkeztutako helegiteak. Iruinek Estrasburgoko Auzitegiak esandakoa gehitu die preso horiek aske uzteko arrazoiei, baina Konstituzionaleko Opor Aretoa osatzen duten hiru epaileek argudiatu dute ebazpen hark ez duela «garrantzi nahikorik». Espainiako Gobernuak ez zuen bete uztaileko ebazpena, eta iragarria du irailean helegitea jarriko duela. Hain zuzen, PPren gobernuak helegitea jartzeko duen asmo horretan oinarritu da Konstituzionala.
«Agertoki berriari beldur»
Herrira mugimenduak salatu du «eskandalu juridikoa» dela Konstituzionalaren erabakia, eta giza eskubideen urraketa «larria» dakarrela. «Espainiako Gobernuak agertoki berriari beldur itzela diola erakusten du», gaineratu dute. Ezker abertzaleko Maribi Ugarteburuk adierazi du «alferrikako sufrimendua luzatzeko» erabakia baino ez dela Konstituzionalarena, eta salagarritzat jo du, bai giza eskubideen aldetik, bai legearenetik, baita ikuspegi politikotik ere. Ikerne Badiolak (EA) esan du «guztiz lotsagarria» dela erabakia. EH Bilduk Europako epaitegiaren esana betetzeko eskatu dio Espainiari.
Hamasei preso politiko hauen izenean Iñigo Iruin abokatuak Auzitegi Konstituzionaleko Opor Aretoan aurkeztutako askatasun eskaeran Estrasburgoko Auzitegiak Ines del Rioren auzian emandako ebazpena gehitu zuen preso horiek aske uzteko arrazoiei. Konstituzionaleko Opor Aretoa osatzen duten hiru epaileek ordea, ebazpen horrek "garrantzi nahikorik" ez duela argudiatu du.
Atzoko ebazpenaren ondorioz gaixotasun larriak dituzten Jose Angel Biguri eta beste bi preso politiko espetxean mantenduko ditu Espainiako Gobernuak.