Espainiako eskubaloi selekzioarekin eskuratu du amurrioarrak domina, ostiralean Hego Korearen aurka jokatutako partida 31-29 irabazi eta gero. Partida zirraragarria izan zen eta bi taldeak zein baino zein aritu ziren, eta atsedenaldira markagailuan parekatuta iritsi ziren.
Bigarren zatian ere antzeko aritu ziren bi taldeak, eta berdinduta bukatu zuten, nahiz eta Espainiako selekzioak, partidaren azken unean eskura izan zuen garaipena 24na berdinduta zirela. Gauzak horrela, bi taldeak luzapenean jokatu zuten brontzea, eta oso berdinduta aritu ostean, markagailua itxiko zuen 31-29 erdietsi zuen Espainiak.
Jokoetako sorpresa izan den Montenegrok kanporatu zuen finaletik Espainia, eta horrela, Noruegaren aurka aritu zen urrea eskuratzeko lehian. Azkenerako Norbegia faboritoa nagusitu zitzaion Montenegrori (26-23).
Eli Pinedok ikurrina eskuan ospatu zuen brontzea
Amurrioarraz gainera, Joko hauetako eskubaloi selekzioan Nely Carla Alberto, Andrea Barno eta Patricia Elorza euskal jokalariak eta Jorge Dueñas bilbotarra entrenatzaile lanetan aritu dira. Eli Pinedok garaipena ikurrina eskutan zuela ospatu zuen.
Hona hemen Jokoetara joan baino lehenago atari honetan bertan Eli Pinedori egindako elkarrizketa.