Atzo Arakaldoko jaiak hasi ziren, hala ere, ekitaldi nagusiak asteburuan izango dira. Ostiralean botako da txupinazoa eta ondoren Irrien Lagunak taldekideek txikiak eta ez hain txikiak alaituko dituzte euren abesti eta ikuskizunarekin. Irrien lagunak emanaldia amaitutakoan, aparrarekin gozatzeko aukera izango dute gaztetxoek Irrien Lagunek lagunduta. Gauez, Orots taldeak erromeria eskainiko du guztion gorputza mugiarazteko.
Larunbatean, txistu doinuarekin esnatuko dira Arakaldarrak eta barteko parrandaren ostean indarrei eutsiz gero, mendi ibilaldi bat egitea proposatu du Arakaldoko jai batzordeak. Umeentzako jolasak egongo dira goizez, eta arratsaldez Puzgarriak Sebastopoleko Titiriteroen eskutik.
Halaber, larunbatean arratsaldez ere izango dira mus txapelketa Arakaldoko Errekagain hotelean zein bolo txapelketa herriko bolatokian. Nola ez, jada ohikoa den legez, tortilla lehiaketan parte hartzen duten taldeak ere ikusi ahal izango dira plaza osoan zehar umore eta zapore onez tortilla goxo-goxoak prestatzen. Giro ederra ziurtatuta dago, beraz.
Herriko sukaldariek euren tortillak amaitzen joaten direnerako, harrijasotzaileak eta aizkolariak hasiko dira herriko plazan. Tortilla lehiaketa amaituta irabazleen nahiz irabazle suertatu ez direnen tortillak dastatu ahal izango dira nork bere iritzia ere emateko epaileen erabakiaren aurrean, eta askaltzen jarraitu ahal izango du Arakaldora gerturatzen den orok, odoloste zein sardina erreak ere bananduko direlako eta postrerako txokolatea, on egin beraz! Betekada jaisteaz Diskodantza arduratuko da, eta musika egongo da jendearen indarrak agortu arte.
Igandean trikitixa eta pilota partiduak hasiko dira goizean goiz. Pintxo, igel zein bolo txapelketak ere izango dira goizez. Ekoizleen azoka egongo da goiz osoan zehar 11etan hasita, aurten aurreko urteak baino askoz postu gehiago egongo dira, 18 erakusle, hain zuzen ere. Horrela produktu aniztasuna aurreko urteetan baino handiagoa izango da eta jende gehiago etortzea espero da. Jaiak bukatzeko herri bazkaria emango da herriko frontoian eta bazkalostea alaitzeko arduradunak Oskar Eztanga eta Onintza Enbeita bertsolariak izango dira, hori nibel hori!
Arakaldoko Jai batzordetik aiaraldear guztiak animatzen gaituzte Arakaldoko jaietan herrira hurbiltzera eta jaietan parte hartzera, egitarau erakargarria eta jatorra egiten ahalegindu dira jai batzordeko kideak, Arakaldo ere munduko mapan kokatzeko eta "nongoa zara" galderari "Arakaldokoa" bakarrik esatea lortzeko, eta bukaerako argibidea "Barakaldokoa, ez,ez, Arakaldokoa, B gabe" behingoz arakaldar ororen sorbaldatik kentzeko!
Arakaldo : Aqui descanso el ejercito salvador en el año 1937 , esaten zuen
udaletxeko harmarri batek .
Zoriondu nahi dut honen bitartez, desagertarazi zutenei harri hori.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!