Pasa den aste bukaeran prentsara igorritako ohar baten bitartez, Amurrioko Bildu koalizioak 2011ko hirugarren eta laugarren hiruhilekoen ur kontsumoari buruzko fakturak sakonki ikuskatzeko deia egin zien herritarrei.
Koalizioaren arabera Udalak 2011ko hirugarren hiruhileko kontagailuen irakurketarik ez zuen egin, eta minimoa jaso ondoren, laugarren hiruhilekoko irakurketa egiteari ekindakoan, “kontsumoaren akumulazioagatik, tarifan ezarri beharreko hurrengo tartea egokitu zitzaien”.
Horrenbestez, udal-kudeatzaileen “ezgaitasunak eragindako hutsa erreklamatzeko deia” egin zuen koalizio independentistak. “Amurrioko auzokide batzuek litro berengatik garestiago kobratzen zitzaiela ikusi dute” adierazi zuten prentsa oharrean.
Gertatutakoa Udalaren aurreikuspenik ezaren zuzeneko ondorioa dela uste du Bilduk, eta behar ez bezalako kobrantza hauen konponbidea Udalak berak egin beharko lukeela, ez herritarrek modu pertsonalean kexa indibidualak jarrita.
Azkenik koalizioak auzokide guztiei ordainagiriak begiratzeko eta beharrezkoa balitz erreklamazioa egiteko deia egin die.
Udalak, eragindako kalteengatik barkamena eskatzearekin batera egindako lana defendatu du
Udalaren Lurralde Politiketarako Arloak Bilduren salaketa “alarmistatzat eta demagogikotzat” hartu du, “gaia testuingurutik atera du”.
Kaleratutako oharrean Amurrion 4.740 ur-kontagailu daudela adierazi du Udalak, eta lehen zerbitzu honetaz arduratzen zen enpresak hiruhilero 540 abonatu kontagailuaren irakurketa gabe uzten zituela. Udalak zerbitzua bere gain hartu eta lehenengo kontagailu irakurketan irakurri gabeko kontagailuak 814 izan zirela adierazi du Lurralde Politiketarako Arloak, lehenago baino 274 gehiago hain zuzen ere.
Arloaren arabera, normalean neurtuak ziren kontagailu hauetako 110en kasuan Udalak berak zuzendu zituen irakurketak, eta beste 160 hartutako irakurketarekin utzi zituen. Gaur gaurkoz Udalak 120 erreklamazio erantzun dituela adierazi dute zerbitzuaren arduradunek, kasu batzuetan auzokideen alde.
Lurralde Politiketarako arloak azaldu duenez, 40 abonatu inguru egongo lirateke oraindik ere erreklamazioa egiteko moduan, “nahiz eta probabilitatearen arabera, kontsumo txikiko tartean kokatutakoak lirateke ia denak”. Izatekotan, ordainagiri bakoitzeko 6 eta 25 euro arteko zuzenketak lirateke, Udalaren arabera.
Udalak adierazi duenez, “lehen irakurketa honetan zuhurtzia, berrikuspen eta bizkortasun irizpideak erabili ditugu mota honetako jazoerak zuzentzeko, eta hurrengo irakurketak normaltasunez eman dira, lehenago ematen zen zerbitzua hobetuz gainera”.
Zerbitzu aldaketa eman zenetik 153 abonatu berri daude Amurrion, eta Udalak emandako datuen arabera 420 kontagailu baino ez dira irakurri gabe geratzen direnak.
Egunetik egunera zerbitzu hobetzeko lan egiten ari direla adierazi du Lurralde Politiketarako Arloak, “piztutako alarma sozialak nahigabetzen gaitu, eta sortutako eragozpenengatik barkamena eskatzen diegu herritarrei”.