Maiatzaren 25ean aurkeztu zuen jendaurrean Bildu koalizioak udal-antzoki berri bat eraikitzeko proposamena. Aldai plazan (Udaletxeko eraikinaren ondoan) kokatuko litzatekeen proiektuak polemika piztu du Udalean ordezkaritza poltiko handiena duten bi taldeen artean.
EAJk prentsara igorritako oharrean adierazi du Bilduk ez diela gainontzeko alderdi poltikoei proposamena "formalki azaldu". Jeltzaleek adierazi dutenez, "egun, ez da inolako agiri tekniko- juridikorik honen inguruan eta horrenbestez ez da gaiaren inguruko eztabaida politikorik sortu". Proiektuaren aurkezpena "BILDUk eragindako marketing eta propaganda estrategia bati erantzuten" diola adierazi dute.
"EAJ-PNVk BILDUren gobernu taldeak agertutako jokabidea" salatu du , "izan ere 2012ko ekainaren 26an talde kulturalekin batzar informatiboa izan zutela jakin izan dugu" eta azaldu dutenez, gainontzeko talde politikoek ez dute aurkezpen honetan parte hartzeko gonbidapenik jaso. EAJk udal-antzokiaren beharra azpimarratu du igorritako oharrean, "gure herriaren garapenerako oinarrizko eta funtsezko eta berehala burutu beharreko proiektu bat den neurrian".
Azkenik, tankera honetako proiektuei zorroztasun eta adostasun osoz aurre egin behar zaiela adierazi du oposizioko talde nagusiak, "inprobisazioa eta interes partidista garbia duten alferrikako eztabaidak saihestuz".
Bilduk gezurtatu egin ditu EAJren zenbait adierazpen
Gobernu taldeak ostiralero eskaintzen duen prentsaurrean, Koldo Zabalak adierazi du gezurra dela talde politikoi proposamena aurkeztu ez zaiela. Aldai plazan udal-antzokia eraikitzeko proiektua "lehen-lehenik talde politikoei aurkeztu zitzaien, prentsari gero, eta talde kultural guztiei ondoren".
Gai honekin gardentasun osoz jokatu dutela adierazi du alkateordeak, eta proposamenak ez badu behar besteko babesik lortzen alderdi eta elkarteen artean, baztertu egingo dutela.
Era berean Zabalak adierazi du ekainaren 26an herriko kultur taldeei eskainitako aurkezpenean "partaidetza handia izan zela, kopuru aldetik eta galdera zein ekarpenen aldetik".