Ekainaren 29an irekiko da lehiaketara kartelak aurkezteko epea, eta uztailaren 9an bukatuko da. Lehiaketa "Antolinzaleak" jai batzordeak eta Orozkoko Udalak antolatu dute. Iaz bezala, aurten ere haur eta gazteentzako kategoria berezia egongo da lehiaketan, 14 urtetik beherakoentzat hain zuzen ere.
Anotolatzaileek aditzera eman dutenez, edozein material, teknika eta kolore erabili ahal izango da, eta udalerriko herritar guztiek parte hartu ahal izango dute. Baina badira derrigor bete beharreko eskakizun bi. Batetik, neurria, 70 x 50 zentimetrokoa izan beharko da kartela (formatu bertikalean), eta bestetik, kartelak ondoko testua jaso beharko duela; “Orozkoko Jaiak. San Antolin 2012. Abuztuaren 31tik irailaren 4ra”.
Lanak euskarri gogorrean aurkeztu beharko dira eta Orozkoko Museoan ikusgai jarriko dira. Erakusketa bukatutakoan lanak egileei bueltatuko zaizkie. Lehiaketan parte hartzeko interesa dutenek euren lanak Induman aurkeztu beharko dituzte.
Irabazlearen izena uztailaren 9a baino geroago jakinaraziko da, eta 250 €-ko saria irabaziko du. Bigarrenak, 150 € jasoko ditu, eta haurren kategoriako irabazleari, berriz, pintura-materiala emango zaio.