Amurrion milaka euskaldun gara eta euskara gure herriko saltokietara eramateko aitzakiarik ez dugu falta; izan ere, asko eta asko dira zerbitzua euskaraz eman diezazuketen dendari, tabernari eta langileak.
Ildo horretan, Amurrioko denda, taberna eta zerbitzu arloan euskararen erabilera bultzatzeko ‘Nirekin Euskaraz’ kanpaina abiatuko du ekainaren 11n Amurrioko Udalak. Kanpainaren helburua euskaraz hitz egiteko prest dauden eta prestutasuna agertzen duten merkatari, ostalari eta zerbitzu arloko langileak identifikatzea eta, era berean, erabiltzaile eta bezeroek lehenengo hitza euskaraz egiteko bultzada jasotzea izango da. Identifikaziorako euskarri nagusia establezimendu bakoitzean jarriko duten langileen 18 x 13 cm-ko argazkia izango da, kanpainaren ikurra izango den “e” bat eta “Nirekin Euskaraz” leloa atxikia dutela.
Horretarako, Artez aholkularitza enpresarekin batera, herriko merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzu arloan euskaldunak dauden establezimenduak identifikatu ondoren, aurrez aurreko bisitak egin zaizkie, kanpainaren nondik norakoak azaltzeko. Jasotako emaitza oso ona izan da, izan ere, ukitutako 25 saltokietatik 22k parte hartzea erabaki dute, 34 argazki lortuz. Bestalde, Udaletxean ere ‘Nirekin Euskaraz’ kanpainarekin bat egiteko lanketa egin dugu eta argazki-zenbateko handia egitea lortu dugu. Begi bistakoa da euskararen erabilera bultzatzeko gure herrian jasotzen dugun inplikazio eta motibazioa.
‘Nirekin euskaraz’ kanpaina ekainaren 11n hasi eta ekainaren 30ean bukatuko da eta egun horietan establezimendu eta udal departamentuetan ikusiko ditugun argazkiez gain, lanketa komunikatibo zabala ikusiko dugu da Amurrioko kaleetan; besteak beste, kartelak, faroletan eskegitzeko biniloak, saltokien erakusleiho edo ateetan jartzeko pegatinak edota esku-orriak bezalako euskarriak egongo dira, kanpainaren helburua azalduz eta herritarrak euskararen erabileraren beharraren testuinguruan jarriz.
Bukatzeko, Amurrioko Udalak abian jarritako kanpaina honi gure atxikimendua agertzeko bildu gara. “e” ikurra bilatu eta euskara erabiltzeko gonbitea egiten diegu Amurriarrei, balia dezagun gure aukera!
Artez aholkularitza enpresaren laguntzarekin jarri du abian Amurrioko Udalak merkataritzako eta zerbitzu publikoetako langile euskaldunak identifikatzea helburu duen kanpaina. PP ez beste Udal talde guztiek babesa adierazi diote Ekainaren 8an jendaurrean aukerztutako kanpainari. Josune Irabien alkateak, Joseba Urizar euskara teknikariak eta Pello Ruiz de Agirre Artez enpresako kudeatzaileak emandako prentsaurrean aditzera eman zutenez "Amurrion milaka euskaldun gara eta euskara gure herriko saltokietara eramateko aitzakiarik ez dugu falta; izan ere, asko eta asko dira zerbitzua euskaraz eman diezazuketen dendari, tabernari eta langileak".
‘Nirekin Euskaraz’ kanpainaren prestaketa lanetan zenbait hilabete eman badituzte ere, kanpaina gaur abiatuko da jendaurrean eta hilaren 30an amaituko da. "Kanpainaren helburua euskaraz hitz egiteko prest dauden eta prestutasuna agertzen duten merkatari, ostalari eta zerbitzu arloko langileak identifikatzea eta, era berean, erabiltzaile eta bezeroek lehenengo hitza euskaraz egiteko bultzada jasotzea izango da" azaldu dute sustatzaileek. Identifikaziorako euskarri nagusia establezimendu bakoitzean jarriko duten langileen argazkia izango da, kanpainaren ikurra izango den “e” bat eta “Nirekin Euskaraz” leloa atxikia dutela.
Artez aholkularitza enpresak, aurrez aurreko bisitak egin ondoren, 22 merkataritza gune lotu ditu kanpainan parte hartzera, guztira 34 langile euskaldunen argazkiak izango dira euren lantokietan ikusgai. Bestalde, prentsaurrean adierazi zutenez, Udaletxean ere ‘Nirekin Euskaraz’ kanpainarekin bat egiteko lanketa egin dute eta argazki-zenbateko handia egitea lortu dute sustatzaileek.
Kanpaina indarrean dagoen bitartean establezimendu eta udal departamentuetan ikusi ahal izango diren argazkiez gainera, Udalak lanketa komunikatibo zabala egingo du Amurrioko kaleetan; besteak beste, kartelak, faroletan eskegitzeko biniloak, saltokien erakusleiho edo ateetan jartzeko pegatinak edota esku-orriak bezalako euskarriak hain zuzen ere.
[video:http://youtu.be/dhtkww1kpfM width:360 height:250]