Aurten ere herritarrek izango dute San Roke jaietako kartela hautatzeko aukera. Udalak egindako aurre-hautaketa baten ondoren lau dira Sail ofizialean hautagai dauden kartelak (ezkerreko zutabean daudenak). Sailkatutako kartelak Kultura etxean ikusgai eta bozkagai daude, bai eta interneten ere, Laudioko Udalaren web gunean.
Udalak jakinarazi duenez, bozka emateko beharrezkoa da Laudion erroldatua egotea eta nortasun agiria, pasaportea edo erresidentzia txartela indarrean izatea. Pertsona bakoitzak bozka bakarra eman ahal izango du.
Bost urte dira Jaiak Koordinakundearen ekimenez jaietako kartela bozketa herrikoi bidez hautatzen dela. Jai herrikoi eta parte-hartzaileen alde lan egitearen emaitza bezala aldarrikatu izan du Koordinakundeak kartela hautatzeko prozedura hau.