Amurrioko Udalak hainbat kultur eta kirol talderekin batera antolatu du euskaraz bizitzeko jai eta aldarrikapen eguna biharko. Urtero bezala, egun osoko egitarau oparoa topatuko dute "Euskaraz bizi nahi dut" aldarrikapenarekin bat egin nahi duten herritarrek.
Goizeko 10:30etan emango zaio hasiera egunari, Altubeko Mendizorrotz lubakietara egingo den txangoarekin. Irteera Aztarna etnografia eta kultura elkarteak antolatu du, eta bertan parte hartu nahi duenak herriko plazan izango du hitzordua. 11etatik aurrera aldiz, Nerbioi taldeak rugby erakustaldia eskainiko du herriko parkean. 11:30etatik eguerdira arte Aspaltza aisialdi taldeak haurrentzako tailerrak egingo ditu, eta ordu berean, Aiara Dantza Taldeak dantza entsegu-erakustaldia eskainiko du parkean. 12:30etatik aurrere herri kirolak izango dira Amurrioko Gazte Asanbladaren eskutik.
Eguerdian
Eguerdian ere izango da zertan parte hartu Amurrion. 13:30ean eskualdeko produktu ekologikoen gaineko hitzaldia eta dastatzea izango da, eta eguerdiko 14:30ean Herri Bazkaria egingo da Juan de Urrutia plazan. Bazkariko tiketen prezioa 7 eurokoa da, eta AEKn eta Kultura Etxean egongo dira salgai. AIEBE bertsozaleen elkarteak bazkalostea kantuz girotuko du, eta 16:30etatik aurrera mus txapelketa eta karaokea izango dira herriko plazan.
Arratsaldean "euskaraz bizi nahi dut" lip-dub-a
Arratsaldeko 18etan ekingo zaio egunaren aldarrikapenarekin bat egingo duten herriko dozenaka elkarterekin grabatuko den Lip-dub-aren grabaketari. Herriko parkean hasita Juan de Urrutia plaza inguruan bukatuko da lip-dub-aren ibilbidea, eta grabaketarako erabiliko den abestia Esne Beltza taldearen "Euskaraz Bizi Nahi dut" izango da. Bideo honetan ibilbidea ikusi daiteke.
Egunari amaiera emateko, kantu-poteoa egingo da herriko kaleetan.