Atzo jakitera eman zenez, Amurrioko Tubos Reunidos enpresak 2 milioi euroko kontratua itxi berri du Sevillako Abengoa multinazionalarekin Kalifornian eraikiko duten eguzki-energia hustiatzeko instalaziok behar dituen tutuak egiteko. Enpresak adierazi duenaren arabera, Kaliforniako San Bernadino Country-n eraikiko den fabrika munduko handiena izango da sektorean.
Tubos Reunidos enpresak adierazi du "soldadurarik gabeko luzera handiko altzairu tutuen ekoizpenak mundu mailako hornitzaile garrantzitsu" bezala euren lekua "berresten" duela. Enpresaren esanetan, "energiaren ekoizpenera bideratutako azken belaunaldiko enpresen beharrak asetzeko" gai izateak bihurtzen du Tubos Reunidos mundu mailako erreferente.
Langileen bigarren greba eguna gaur, istilurik gabe
Pasa den astean egindako lanuztean ertzaintzarekin izandako istilurik ez da errepikatu gaur goizaldeko 6:00etan hasi den greba egunean. Langile batzordeak jakinarazi duenez, 300 langile inguruk parte hartu dute lehenengo txandan antolatu den pikete informatiboan. Poliziaren hainbat auto enpresaren sarrerara bertaratu badira ere, ez da inolako istilurik sortu. Batzordeak adierazi duenez, lanuztea erabatekoa izan da enpresan, eta eguerdiko 13etan langileen asanblada egingo dute enpresa atarian.
Aurreko greba egunean poliziak "eraso egiteagatik, polizia iraintzeagatik eta desobedientziagatik" salatu zituen langileek gaur deklaratuko dute Amurrioko epaitegian. Langileek elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egingo dute goizeko 11tan epaitegiaren atarian.