Laudioko Udalaren Euskara Arloak ume txikiengan euskarazko irakurzaletasuna sustatzeko abian jarritako "Bularretik Mintzora" programak eskaintza berria plazaratu berri du; irakurketa maletena hain zuzen ere. Udal Bibliotekan, liburuz beteriko maleta berriak eskaintzen dira etxera maileguan eramateko.
Euskara Arloak jakinarazi duenez, bi motako maletak daude; 0-3 adin tarteko haurrei zuzendutakoak, eta 3-6 adin tartekoentzat. Maleta bakoitzeko liburuak banan-banan aukeratuak izan dira eta Udal Liburutegiak jartzen ditu umeen eskura, beste edozein maileguen baldintza berdinetan. Era berean, Euskara Arloak gogora ekarri du eskaintza doakoa dela, liburutegian izen ematea doakoa den bezala.
2012ko lehenengo hiruhilekoaren balorazioa oso positiboa izan da
Euskara Arloak jakinarazi duenez, emaitza ezin hobeak jasotzen ari da herriko 5 ikastetxetan garatzean ari den "Bularretik mintzora" bost urterako programa. Urteko lehen hiruhilekoan udal bibliotekan izen emateek gora egin dute nabarmen; 62 kide berri urtarrilean, 164 otsailean eta 130 martxoan. Guztira herriko 5 ikastetxeetako 674 ume ari dira programa honetan parte hartzen.